Atzo aurkeztu zuten Azkoitiko Mintzalagun egitasmoa, Plaza Ondo tabernan. Bertan izan ziren Mintzalagun programan parte hartuko duten kideak, AEK-ko kideak eta Azkoitiko Udaleko ordezkariak. Mintzalagunei ongietorria egin zieten aurrena, eta, ondoren, afaria-meriendaz gozatu zuten. Giroa Bizkargi musika eskolako ikasleek alaitu zuten, kantuz.
Udalak eta AEK euskaltegiak elkarlanean antolatzen dute Mintzalagun, eta aurtengoan 35 lagunek parte hartuko dute. Horiek bederatzi taldetan banatuko dituzte, eta astero egingo dituzte saioak. Dena den, oraindik eman daiteke egitasmoan euskara@azkoitia.eus edo azkoitia@aek.eus helbideetara idatzita edo 943-85 71 75 edo 943 15 10 89 telefono zenbakietara deituta.
AEK-ko kideek esan dutenez, "euskara lotsarik gabe praktikatzeko eta dakitena hobetzeko" elkartzen dira herritarrak astero: "Konfiantza eta segurtasuna lortzeaz gain, bizitza euskaraz egiteko gaitasuna ere beren egiten dute". Mari Jose Arregi Euskara zinegotziak azaldu duenez, "sekulako meritua" dute partaideek. "Gaur egun, denbora da dugun baliorik preziatuena, eta bidelagunek horixe eskaintzen diete bidelariei, euskara ikasi edo hobetu nahi dutenei". Haren arabera, "txalotzekoa" da bi aldeen ahalegina. Gainera, Arregik esan du "asko esan nahi" duela Mintzalagun zazpigarren urtez jarraian martxan jartzeak.