Azkoitiko Udalak Alde Zaharreko lokal hutsetan dendak zabaldu ahal izateko diru laguntzak emango ditu. Hain zuzen ere, erakundeak alokairua ordaintzeko laguntzak emango dizkie merkataritza jardueraren bat zabaltzen dutenei. Diru laguntza jaso ahal izateko, merkatariek, gutxienez, hiru urteko alokairu kontratua egin beharko dute lokalaren jabearekin, eta onuradunek hiru urtez jasoko dute diru laguntza. Alde Zaharrean saltokiren bat zabaldu nahi duten herritarrek abenduaren 21a bitartean egin dezakete diru laguntza eskaera udaletxeko harreran.
Udalak zenbait irizpideren arabera banatuko ditu diru laguntzak, hala nola negozioaren originaltasuna, aurreikusitako inbertsioa, sortutako lanpostuak eta alokairuaren prezioa izango ditu kontuan. Eskaerak egin eta onartzen dituzten proiektuen sustatzaileek lehen urtean alokairuaren kostu orokorraren %75 jaso ahal izango dute; gehienez, 300 euro jasoko dituzte hilero. Bigarren urtean, alokairu gastuen %50era arteko laguntza eskuratu ahal izango dute merkatariek; gehienez, 250 euro hilero. Eta hirugarren urtean alokairuaren %25 ordainduko du udalak; hilero, gehienez, 125 euro jasoko ditu ekintzaileak. Udalak, guztira, 20.000 euroko diru saila jarri du aurtengo laguntzetarako.
Iaz jarri zuen udalak martxan saltoki berriak laguntzeko diru laguntza, eta bost saltoiokik jaso zuten laguntza. Udalak Alde Zaharra biziberritzea du helburu, eta aurten ere jarri du martxan diru laguntza. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak esan duenez, badakite saltoki txikiek "bizitza ematen dietela kaleei", eta Alde Zaharra herriaren bihotza" delako nahi dute lokal hutsak berreskuratzea.
Sara Rodriguez Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteko teknikariak azaldu duenez, "eskertzeko" laguntza da udalak ematen duena. "Hasierako urteak gogorrak dira merkatarientzat, negozioa martxan jartzeaz gain, bezeroen fidelizazioa lortzen ahalegindu behar dutelako eta hori ez delako egun batetik bestera lortzen". Rodriguez aburuz, "denbora" behar da saltokiek martxa hartzeko, eta uste du diru laguntzak "abantaila" direla, hiru urterako direlako.