2015eko Memoriaren Eguneko irudia. (Ana Abarisketa)
Ostiralean, azaroaren 10ean, Memoriaren Eguna dela eta, Azkoitiko Udalak elkarretaratze isila eta lore eskaintza egingo ditu Intsausti Jauregiaren ondoko zelaian dagoen Oroimenean oroitarrian. Bost minutuko isilunea egingo dute bertan, eta herritarrei 11:00etan hasiko den ekitaldian parte hartzeko deia egin die udalak.
Bost minutuko elkarretaratze isilaren ostean Azkoitiko bitkima guztien aldeko lore eskaintza egingo dute udal ordezkariek. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak azaldu duenez, "biktimek herri honen besarkada eta arnasa jasoko dituzten esperantzarekin" batuko dira oroitarriaren aurrean, "noizbait sufritu zuten edo sufritzen duten bakardadea eta utzikera atzean utziz". Haren arabera, ekitaldian egingo duten isilunea "elkarbizitzaren eta bakearen aldeko oihua" izango da, "guztiok, lotsarik gabe, elkarri begietara begiratzeko gai izan gaitezen, iragana alboratu gabe baina etorkizuna kondenatu gabe".
Oroimenean oroitarria 2007an jarri zuen Azkoitiko Udalak, herriko biktima oro "ohoratzeko eta gogoratzeko".