Javier Zubizarreta alkateak eta Marijose Arregi zinegotziak bisitatu dute Gaztanenea Formakuntza Zentroa. (Azkoitiko Udala)
Hizkuntza Eskola Ofizialaren Azkoitiko gela desplazatuetan ehun ikasle baino gehiagok hasi dute ikasturte berria. Aurten, gainera, berrikuntza batekin hasi dute urtea; hain zuzen ere, alemana irakasten hasi dira Gaztanenea Formakuntza Zentroan. Oraingoz, 24 ikasle hasi dira alemana ikasten; hasiera batean, hogei plaza ziren eskaintzekoak, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak kopurua igotzeko aukera eman zion Azkoitiko Udalari, baldin eta azpiegiturak eta espazioa egokitzen bazituen, eta horrela egin du udalak. Ondorioz, hasieran aurreikusitakoa baino hamar ikasle gehiagorentzako lekua dago alemaneko eskoletan. Horiez gain, beste 112 lagun ingeleseko eskoletara joaten dira.
Obrak, martxan
Bestalde, eraikineko irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari da udala eraikinean. Lan horiek nola doazen ikusteko eta ikasleen iritzia ezagutzeko, Javier Zubizarreta alkateak eta Marijose Arregi zinegotziak Gaztanenea bisitatu dute. Hobekuntza lanak eraikinaren barrualdean eta kanpoaldean egingo dituzte: besteak beste, ikasturte hasierarako bainugela jarri zuten beheko solairuan; ikasgelak dauden solairu berean, alegia. Izan ere, orain arte, komunak goiko solairuan bakarrik zeuden.
Komunak jartzeaz gain, eraikinaren kanpoaldean irisgarritasuna bermatzeko lanak hasi dituzte. Arranpa bat ipiniko dute, eta gaur-gaurkoz, haren egitura eraikitzen ari dira. Momentuz, eraikinaren alde bateko lorategiko petrila aldatu dute tokia egiteko, eta aurki jarriko dute arranpa. Hobekuntzak 70.000 euro kostatuko zaizkio udalari.