Azkoitiko EAJ: "Gaikako bilketaren gaiak ez du izan behar egiatik urrun dagoen ikamikarako argudio"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko eka. 26a, 16:20

Azkoitiko EAJk gutuna kaleratu du, joan den asteko Aizpurutxoko bideoaren harira. "Ez gaude elkarri mokoka jarduteko karrera batean, zabor gutxiago sortu, gaika hobeto jaso eta gehiago birziklatzeko saiakaera kolektibo batetan baizik", esan dute jeltzaleek.

Joan den asteko Aizpurutxoko bideoak erreakzioak sortzen jarraitzen du. Azkoitiko EAJk honako gutun hau kaleratu berri du:

"Azken urteotan, zaborren kudeaketa izan da herri honetan eztabaidarik sutsuenetariko bat. Zilegitasun osoz, batzuk sistema baten eta besteak beste baten alde ibili gara. Hasiera batean, denok helburu bakarrarekin, ahalik eta gehien birziklatzea.

Kronologia labur bat eginez, Azkoitian 2004. urtean gaikako bilketaren datua %19koa zen, eta Gipuzkoan, berriz, %26koa. Garai hartan hasi zen Azkoitiko Udala gaikako bilketarekin, esperientzia pilotu baten baitan organikoa jasotzen edo Garbiguneko zerbitzua eskaintzen. Horrela, 2013. urtean, azkoitiarrok %33ko gaikako bilketa egitera iritsi ginen; hau da, 4.691 tona zaborretik, 1.571 tona gaika jaso ziren.

2014. urtean, EAJ oposizioan zegoen arren, gaikako bilketaren oinarriak onartu genituen EH Bilduren Udal Gobernuan zeudenekin batera, ahalik eta azkarren %70eko gaikako bilketa lortzeko eta jasotakoaren kalitatea bermatzeko xedez, besteak beste.

2017. urtea iritsi da, eta gaur da eguna zeinetan azkoitiarrok zaborraren %62 gaika biltzen duguna; hau da, ia-ia bere garaian, 2014an, plenoan gehiengo oso-oso zabal batek onarturiko helburura iristen ari gara.

Kalitateari buruz, berriz, esan, duela bi aste udalak martxan jarri zuela kanpaina berri bat. Gainera, organikoa hobeto jasotzeko edukiontzi berriak jarri ditu, eta gaika biltzea gehien kostatzen zaizkigun ontzi arinak zer eta nola jaso behar diren adierazteko etxolak ezarri ditu. Ikastetxeekin ere urte luzez ari da udala lanean Agenda 21 aren barruan, umeetatik gaikako bilketa bultzatzeko ahaleginetan, ikastetxe desberdinetako irakasleekin batera.

Gauzak horrela, gure ustez zaborren kudeaketak, eta, bereziki, gaikako bilketaren gaiak ez du izan behar egiatik urrun dagoen ikamikarako argudio eta aurkari politikoa edozein preziotan kritikatzeko arrazoi, baldin eta denon helburua %70 gaikako kalitate oneko bilketa lortzea bada. Ez gaude elkarri mokoka jarduteko karrera batean, zabor gutxiago sortu, gaika hobeto jaso eta gehiago birziklatzeko saiakaera kolektibo batetan baizik.

Aizpurutxoko kasua, batzuk zaborrak gaizki bota dituztelako, herri guztiko gaikako bilketa ez kontaminatzeko asmoz zabor guztia batera jaso behar izan den kasu konkretu bat izan da. Ez gehiago eta ez gutxiago. Eta udalari dagokio erantzukizunak eskatzea eta bere kasuan dagokion neurriak hartzea, aurreko astean Javier Zubizarreta alkateak argi eta garbi esan zuen moduan.

Edozein kasutan, ordea, azkoitiarrok, orohar, oso ondo ari gara gaiako bilketan. Hortxe dago %62ko gaikako bilketa datua. Eta guk, EAJk, horri balioa eman nahi diogu, herritar guztiak zorionduz eta azkoitiarrok aspalditik hartua dugun ingurumenaren aldeko konpromisoari tinko eusteko eskatuz.

UdalakĀ  herritarroi berriz jakinarazi digu gaikako bilketa zer eta nola egin behar dugun, horrela bakarrik izango baitugu kalitatezko bilketa eta birziklatze tasa gorena, duela urte batzuk elkarrekin adostu genuen %70ko gaiako bilketaren helburua betez. Oso hurbil gaude. Animo eta aurrera, beraz!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide