Aparkalekuen arazoa areagotu egin da iazko udatik. (Juan Luis Romatet)
Aparkalekuen arazoari aurre egiteko Zumaiako Udalak prestatu duen araudiaren proiektua aurkezteko bost bilera egin dira aurreko asteotan, udalak deituta. Herritarrekin, ostalariekin eta merkatariekin ere bildu dira. Ohar baten bidez, Udal Gobernuak bilera horietan izandako parte-hartzea txalotu du. Oposizioko lehen indarra den EH Bildu, ordea, ez da pozik atera bilera horietatik. Koalizioak dio zuten susmoa "baieztatu" dela: udalaren jarrera proposamena aurkeztekoa izan dela bakarrik, eta ez eztabaidarako tartea zabaltzekoa.
Komunikabideetara bidalitako ohar batean EH Bilduk gogorarazi du, koalizioak Gabon atarian egindako lehen pausoak eraman duela udala bilerak deitzera. "EH Bilduk etxe guztietara zabaldu zuen aparkalekuen arazoa konpontzeko zuen proposamenaren zirriborroa. Zirriborroarekin batera, herritarrek planaren osaketan ekarpenak egin eta erabakiak hartzeko bilerak deituko genituela ere adierazi genuen. Horrek, Udal Gobernua mugiarazi zuen, eta egun batetik bestera herritarrei zuzendutako bilerak deitu zituen, gai bera jorratzeko". Udalak deitutako bilerek emango zuten emaitzaren zain egon direla adierazi dute EH Bildukoek, "benetan Udal Gobernuak herritarrei hitza emateko asmoa zuen ikusteko".
"Akatsa errepikatu dute"
EH Bilduren esanetan, Udal Gobernuak deituta egindako bileretan "ez da eztabaidarako edo planaren nondik norakoak erabakitzeko formaturik eskaini. Berriro ere, Ardantzabideko bilerekin egindako akatsa errepikatu dute, bilera informatiboak egitera mugatuz, plana herritarrekin batera garatu beharrean".
Udal Gobernuaren planteamendua herri osora ez zabaltzea ere salatu dute koaliziokoek. "Izan ere, Zubi Txikitik kanpora bizi diren zumaiarrentzat (poligonokoak) udalak ez du aparkalekuen arazoa konpontzeko neurririk aurreikusten, udari begira".
Hori dela-eta, hasieratik markatutako bidea jarraitzeko asmoa erakutsi du oposizioko alderdiak: "Herritarrekin batera Zumaia osorako izango den plan definitiboa eratu, udalari aurkeztu eta Zumaiak izan behar duen aparkalekuen arautzea herritarrek erabaki dezatela exijituko dugu".
Plan hori erabakitzeko, alde batetik, hiru bilera egingo dituzte datorren hilaren hasieran: otsailaren 2an, 18:30ean, Herri Eskolako aretoan; otsailaren 9an, 18:30ean, Alondegian, eta otsailaren 11n, 10:30ean, Oikian.
Bestalde, bileretara joaterik ez dutenentzat iritzia emateko gunea ere jarri du EH Bilduk. "Inkesta baten bidez, puntuz puntu aparkalekuen planak nolakoa izan behar duen adierazi ahal izango dute zumaiarrek", azaldu dute. Inkesta hori
lotura honetan erantzun daiteke. "Ondoren, bileretan eta inkestetan ateratakoen arabera itxiko du EH Bilduk bere proposamen definitiboa".