Igogailua eramango duen dorretxea, Odietan (Juan Luis Romatet)
Eusebio Gurrutxaga plaza eta San Juan egoitza lotuko dituen igogailua aurreikusten du San Jose kalerako 2012an idatzitako planak, auzoak dauzkan irisgarritasun arazoak konpontzeko jasotzen diren beste hamar ekintzekin batera. Igogailua jarri ahal izateko lur saila erosi berri du Zumaiako Udalak, 271.797 euro ordainduta. 2017an zehaztuko dute proiektua.
Irisgarritasun arazo nabarmenak ditu San Jose kaleak: aldapak, eskailerak, espaloi falta... Horiek konpondu nahian, Plan Berezia landu eta aurkeztu zuen udalak 2012an. Guztira 11 ekintza jasotzen ditu planak, Beheko Plaza eta San Juan egoitza lotu behar dituen igogailua, besteak beste. Udalak jakinarazi duenez, lehen igogailua eraiki ahal izateko behar den lur saila erosi berri du, eta datorren urtean zehaztuko dute proiektua.
Proiektua idazteko, lehenik arkitektoei zuzendutako ideia lehiaketa antolatuko dute. Behin proposamenak jasotakoan, herritarrek gustukoena bozkatzeko aukera izango dute. Behin betirako proposamen auakeratzeko herritarren botoak aintzat hartuko dituzte, proposamenaren bideragarritasuna eta beste hainbat irizpiderekin batera.
Irisgarritasun arazoak
Igogailu berria Odieta auzoan eraikitako etxebizitza berrien barruan egindako dorrearen barruan joango da. Gero, pasabide batzuen bitartez igo ahal izango da San Jose kalera. Dorre horretan bi ate jarriko dituzte: bat, behealdean, San Joseko lehen mailara eramaten duena eta gorago bestea San Juan egoitzarako.
Kale aldapatsua da Arritokieta azpiko mendian eraikitakoa. Goialdeko etxebizitzetara joateko eskailera ugari igo behar dira. Kontuan hartu behar da, gainera, adineko jende asko bizi dela kale horretan.
Plan Berezia 2012. urtean aurkeztu zitzaien auzotarrei, baina orain arte aurrerapen handirik ez du izan horrek. San Juan egoitza eta San Jose kaleko 26. ataria banatzen zituen horma bota eta irisgarritasuna erraztea izan da orain arte egindakoa. Duela bi urtetik, horma hori bota zenetik, 26, 27 eta 28. etxebizitza atarietako bizilagunek San Juan egoitzara igotzeko dauden arranpak erabil ditzakete.
Horrez gain, trafiko arazoak ere baditu auzo horrek. Bertako bizilagunen autoez gain, Arritokietatik jaisten direnenak edo Musika Eskolara haurrak eramaten dituzten gurasoenak ere bertatik igarotzen dira. Eta bide horretan hamabost bat metroko espaloi bat besterik ez dago; gainontzeko bide zatian autoak saihestu behar izaten dituzte bizilagunek.