Ezkerretik hasita, Maider Ibarbia, Igor Iturain, Oier Korta eta Vanessa Garcia. (Juan Luis Romatet)
Etzi, ostegunean, zabalduko dituzte Enplegu zentroaren ateak Zumaian. Zerbitzu berri hau Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean prestatu du Zumaiako Udalak. Eusebio Gurrutxaga plazako Zaharretxeko lehen solairuko bi gela hartuko ditu eta hileko hirugarren ostegunetan izango da zabalik, 09:00etatik 13:00etara.
Langabezian dauden herritarrei eta enpresa bat zabaldu nahi dutenei zerbitzua ematea izango du helburu zerbitzu berriak. Hala adierazi zuten udaleko eta Urola Kostako Udal Elkarteko ordezkariek ostiralean egindako aurkezpenean. Bertan izan ziren Oier Korta Zumaiako alkatea, Urola Kosta Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturain, enplegu zerbitzuko arduradun Maider Ibarbia eta laneratzeko teknikari Vanessa Garcia.
Bi zerbitzu desberdin eskainiko dituzte gune berean: batetik, langabezian daudenei lan orientaziorako laguntza eskainiko diete; eta, bestetik, enpresa berria sortu nahi duten pertsonei edo dagoeneko martxan egonĀ eta hobekuntzak ezarri nahi dituztenei aholkularitza zerbitzua emango diete. Hasieran hilean behin zabalduko dute, eta ondoren erabakiko du udalak zerbitzua egun gehiagotan emango duen, "izaten duen erantzunaren arabera".
Bi bulegoetako batean ordenagailuak jarriko dituzte, lanik gabe daudenen eskura. Bertan, lan eskaintza kontsultatzeko aukera izateaz gain, laguntza eskainiko zaie, "lana bilatzeko prozesuan erabiltzaileen helburu profesionalak identifikatzeko, norberaren gaitasunak indartzeko edo curriculum egokiena aukeratzeko", nabarmendu zuen Ibarbiak. "Laneratzea erraztea da helburu nagusiena", gehitu zuen.
Zaharretxearen sarreran lan edo ikastaro eskaintzen berri emango duen iragarki-taula bat jartzeko asmoa ere erakutsi dute zerbitzuaren sustatzaileek.
Bigarren bulegoan enpresa sustapeneko zerbitzua kokatuko dute; oraindik sortu gabe dauden edo hasiberriak diren enpresentzat zuzendutako zerbitzua izango da. "Martxan dagoen denda edo enpresa batek informazioa nahi badu, etor daiteke eta Udal Elkarteak dituen beste zerbitzu batzuetara bideratuko ditugu".
Zerbitzua ahalik eta eraginkorrena izateko, aurrez izena ematea gomendatu dute, horretarako bideak dira:
harrera@urolakosta.eus helbide elektronikora idatzita edota Urola Kostako Udal Elkarteko 943-89 08 08 telefono zenbakira deituta.
"Udal Elkarteak berak eskaintzen dituen zerbitzuak herritarren eskura jarri nahi izan ditugu", azaldu zuen Zumaiako alkateak. Pozik agertu da zerbitzua martxan jarrita, hauteskunde-programan jasota zuten puntuetako bat abian jarriko dutelako. "Enplegu sustapena zen gure ardatzetako bat eta zoriontsu gaude bi bulego hauek zabalduko ditugulako. Herritik hurbil egon behar dugu. Langabezia tasak behera egin du; datuak ondo daude, baina zenbaki horien atzean pertsonak daude. Gure eskumenak ez dira oso handiak, baina ahal dugun guztia egin behar dugu", gehitu zuen Kortak.
Udal Elkartea hurbildu
Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia udalerriek osatuta dago Urola Kostako Udal Elkartea. Zumaiara hurbiltzeko dago enplegu zerbitzu hau zabaltzeko orduan, hala azaldu du udal elkarteko lehendakari Igor Iturainek: "Badago halako hesi bat beste lau herrien eta Zumaiaren artean, agian urrutiena dagoelako. Herritarrentzat, agian, ezezagunak ere bagara. Mankomunitatea gara, baina gogorarazi behar da gure atzean bost herriak daudela eta udalek eskaintzen ez dituzten zerbitzuak ematen ditugula", gaineratu zuen. "Gure asmoa enpresetatik hurbil egotea da, eta Zumaiako Udalak emandako lokal hauek erabiliko ditugu horretarako. Enplegu eta enpresa teknikari espezializatuak ditugu, herriek ez dituztenak. Hala, herrira eta merkatariengana hurreratzea lortzen dugu", azpimarratu zuen.
Udal Elkartearen Zarauzko egoitzatik kanpoko lehen bulegoa da Zumaiakoa. "Langabezian daudenek baliabide handirik ez dute eta kostatu egiten zaie Zarautzera joatea, eta honekin gauzak erraztu nahi ditugu".