Pankartak jartzeko aurrez baimena eskatuko da eta baldintzak bete

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urr. 26a, 09:00

34 artikuluk osatzen dute kale garbitasunaren inguruko ordenantza, baina 17.a da zalaparta handiena sortu duena. Pankarta, pintada eta hormairudien inguru- koa da artikulu hori. Asteleheneko bileran alkateak gogoratu zuenez, 21 panel jarri dira herriko hainbat puntu estrategikotan kartelak jartzeko. Neurri horrek harrera ona izan duela esan zuen eta beste herri batzuetatik informazio bila deitu dutela. Ordenantzaren arabera, izango da kartelak aipatutako gune horietatik kanpo jartzeko aukera, baita pankartak ere, beti ere aurrez udalari baimena eskatzen bazaio, "kultura, arte, nahiz kirol arloko ekintzak, kontzertuak, ikuskizunak, erakusketak" direnean. Pankarten kasuan hauteskunde-kanpainekin lotutakoak jarri ahalko dira. Onartuak izateko irizpideen artean kartel eta pankarta horiek ezingo dute "iraingarriak" izan eta "pertsona eta kolektiboen oinarrizko eskubideak" errespetatu beharko dituzte. Segurtasun arrazoiak medio, ez da baimenik emango pankartak errepide ondoan, kaleko argietan, zubietan, hesietan eta abarretan jartzeko, eta "ingurumena babesteko" ez da baimenik emango zuhaitzetan, zubietan eta ibaitik hurbil dauden antzeko elementuetan jartzeko. Gainera zehaztu beharko dira eskaeran: eskatzailearen identifikazio datuak, pankartaren edukia eta neurria, kokalekua (jartzen den tokia partikularra bada jabearen baimena ziurtatu beharko da), euskarri mota eta epea. Hormairudien kasuan, zirriborroa eta neurriak ere eman beharko dira. Espreski kartelak jartzeko guneetatik kanpokoak udal zerbitzuko langileek kenduko dituzte, eta horren gastuak kartelak jarri dituenaren kargura izango dira. Pankarten kasuan, iraungi eta hurrengo bi egunetan kendu beharko dituzte; bestela, udal zerbitzuek kenduko dituzte eta gastuak jarri dutenen kontura izango dira. "Ondorio berak eragingo ditu baimenik gabeko edo baimendutakoarekin bat ez datozen pankartak jartzeak".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide