Garbiketaren inguruko ordenantzari buruzko bilera. (Juan Luis Romatet)
Kaleko garbitasunaren inguruko ordenantzako artikulu batean jasota dauden betebeharren eta haiek ez betetzearen ondorioz ezarri daitezkeen isunen inguruko saio batera mugatu zen astelehenean Alondegian egindako bilera irekia. Berez,
Jokabide zibikoari buruzko eta bide publikoaren erabilera, okupazioa eta garbiketa arautzeko ordenantza izena duen dokumentuaz herritarren iritzia biltzeko asmoarekin deitu zuten bilera hura, baina elkar ulertzerik ez zen izan Alondegian.
Udal Gobernuak duela hamabost egun publiko egin zuen ordenantzaren lehen zirriborroak hainbat gai jorratzen ditu: karga-deskarga lanak egiteko betebeharrak, publikoan baimenduta ez dauden jokaerak edo portaerak, obra eremuetako garbiketak eta abar. Bilera, ordea, artikulu bakar batera mugatu zen, 17.era,
Antolamendua eta garbiketa kartelak, pankartak, banderatxoak, esku-paperak, pegatinak, pintada, grafitiak eta horma irudiak jartzean goiburu duenera.
Otsailean kaleetan pankarta eta kartelak jartzea debekatu zuen Udal Gobernuak eta handik aste batzuetara ordenantza bat prestatuko zutela adierazi zuen. Bien artean Kalea Guztiona Da mugimendua sortu zen. Ordutik, Erribera kaleko horman ia astebururo irudi bat egin eta kendu orduko beste bat azaldu da.
Herenegungo bileran ez zen konponbiderik aurkitu. Araudia osatzeko beste herri batzuetakoak erabili dituztela azaldu zuen Oier Korta alkateak: Irungoa, Donostiakoa, Zarauzkoa..., "beti ere Zumaiara egokituta". Arau batzuk izatearen beharra aldarrikatu zuen, adierazpen eskubidea errespetatzen zuela eta antzerako ordenantzak izandako herrietan (Zarautz ipini zuen adibide), gobernu aldaketen ondoren inork ez zuela ordenantzarik bertan behera utzi.
Bileran parte hartu zuten herritarrek isunak ez ezartzea eskatu zuten, behin eta berriro. 17. artikulu hori aldatzea edo osotasunean kentzea ere galdegin zuten. "Isunak alde batera utzi eta lan pedagogikoa egitea pentsatu al duzue?", galdetu zien batek udalekoei. Pankarta bat onartua izateko edukia udaletxeko sail batek onar behar izanarekin harridura erakutsi zuenik ere izan zen. "Bideratuta zegoen kontu bat zergatik bihurtu nahi izan duzue gatazkatsu?". Beste batek salatu zuen ordenantza zirriborro fasean izanda ere, ezartzen ari direla dagoeneko.
Pankartak jartzeko aurrez baimena eskatuko da eta baldintzak bete