Gurrutxaga plazan aldaketa batzuk egingo ditu Zumaiako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ots. 4a, 10:05

Gurrutxaga plazan aldaketak egin nahi ditu Udalak. (Baleike.eus) Udalak aldaketa batzuk egingo ditu Gurrutxaga plazan. Herriaren erdigunean dagoen plaza hori erabat berritu zuten pasa den agintaldian. Neurrietako bat Gurrutxaga eta Zuloaga plazak batzea izan zen orduan. Hala ere, goizetik eguerdira bitartean, bi plazen artean igarotzen den bidea autoei zabaltzeko erabakia hartu zuen orduko  Udal Gobernuak. Oraingo udal agintariak, ordea, ez dira iritzi berekoak eta bide hori autoei itxi eta oinezkoentzat bakarrik izateko asmoa erakutsi dute. Atzo bertan bide ertzean zeuden piboteak kendu zituzten. Horien ordez, Etxegarai kalearen behealdean burdinezko loreontzi-euskarri mugikorrak jarriko dituzte, autoei pasabidea eragotziz. Lasterketa batengatik edo beste arrazoiren bat tarteko kentzeko beharra denean, horiek mugitzeko aukera izango da. Plazako merkatariei zerbitzua ematen dien furgonetak Fielato aldetik sartuko dira aurrerantzean. Plazarako pentsatutako beste aldaketak datozen egunotan iragartzeko asmoa du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide