Aitzuri frontoiaren inguruko urbanizazio lanak egiten hasi dira

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ots. 4a, 09:43

Sasoi enpresari eman zioten lanak egiteko ardura, eta lau hilabeteko epean bukatuko dituztela aurreikusi dute. Skate park berri bat jarriko dute ingurune horretan.

Zumaiako Aitzuri frontoia urbanizatzeko lanak abian dira urtarrilaren 11tik. (Gorka Zabaleta) Joan den hilaren 11n hasi ziren Zumaiako frontoi berriaren inguruneak urbanizatzeko lanak. Sasoi enpresari eman diote lanak egiteko ardura, eta horrek lau hilabeteko epea izango du obrak bukatzeko. Lan horiek bukatutakoan, Aitzuri frontoi berria zabaltzeko denbora gutxi beharko dute. Zumaiako Udalak lan hauek nork egin erabakitzeko lehiaketa deitu zuen, eta zortzi izan ziren aurkeztutako enpresak. Oier Korta Zumaiako alkateak azaldutakoaren arabera, obra hauen lizitazio prezioa 754.677 eurokoa (BEZ barne) izan da. Lehiaketa Sasoi enpresak irabazi zuen.  Baztango enpresa honek 532.359 euroko proposamena aurkeztu zuen. "Enpresa denek lanak amaitzeko epea lau hilabetean jarri zuten eta, beraz, epe horren barruan bukatuko dituzte ingurune hori urbanizatzeko obrak", azaldu du Kortak. Makinen bidez eraikinaren ingurua berdintzen ari dira egu hauetan. Hasierako proposamenean, frontoia eta Zumaiako Herri Eskolako atariaren artean dagoen lursailean teniseko pista bat ezartzeko proposamena zegoela adierazi du alkateak. Baina proiektuan aldaketak izan dira, eta hormigoizko skate park berri bat joango da bertan, Kortak aurreratu duenez. «Bere momentuan Aita Mari futbol zelaiaren atzealdean jarri zen, borondate onenarekin, baina erabiltzaileek diotenez, zaharkituta geratu da», dio alkateak. "Skaterako parkeak egiten dituen enpresa batekin harremanetan jarri gara eta proiektua dagoeneko eskuetan dugu". Skate park hori egiteko "gazteekin eskutik hartuta" joan direla nabarmendu du Kortak. "Kirol honetan aritzen den jendearekin bildu gara, beraien iritzia ere jasotzeko". Frontoia ia amaituta Aitzuri frontoia ia amaituta dagoela adierazi du alkateak. "Barrua ia bukatuta dago. Taberna eta larrialdiko plana egitea besterik ez zaizkigu falta. Espero dugu inaugurazio egunerako taberna ere martxan izango dela, dena bukatuta egoteko". Lanak aurreratuta badaude ere, alkateak ez du inauguraziorako egunik aurreratu nahi: "Pausoz pauso joango gara". Epeak errespetatzen badira, apirilaren erdirako amaituta egongo dira urbanizazioko obrak eta frontoia irekitzeko eguna hurbilago izango da. 2007. urteko azaroan eraitsi zuten Odieta zaharra eta ia hamar urteko hutsunea beteko da Aitzuri zabaltzen dutenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide