Jose Antonio Hidalgo (ezkerretik hirugarrena), atzo, osoko bilkuran
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Udalbatzak osoko bilkura egin zuen atzo (ostegun) arratsaldean, eta Jose Antonio Hidalgok Azkoitia Bai koalizioaren zinegotzi kargua hartu zuen. Otsailean kargua utzi zuen Julen Garatek, eta haren kargua hartu du Hidalgok.
Horrez gain, Azkoitian Baratze Ekologikoen kudeaketa arautuko duen ordenantza erregulatzailea onartu zuen atzo udalak, behin behinean. Altamira inguruan jarriko dituzte baratzak, "nekazaritza ekologikoa sustatu eta hedatzeko, elkarbizitza sustatzeko, haur, gazte eta helduak ingurumenarekiko errespetuan hezi daitezen eta aisialdi aktibo eta jasangarria bultzatzeko". Horrez gain, nekazal kultura herriratu nahi dute, "ingurune hiritar eta landatarren arteko distantziak ezabatuz". Hasiera batean, baratzak 65 lagunek erabiltzea eta Baratze Sarearen parte izatea aurreikusten dute. Aho batez onartu du udalak baratzearen araudia.