[caption id="attachment_104614" align="aligncenter" width="300"] Besteak beste, San Martin auzoa lotuko du zerbitzuak
(Ane Olaizola / Urola Kostako Hitza)[/caption]
Azkoitiko herri barruko autobusak badu izena; Urbanue-k lotuko ditu Azkoitiko auzo eta kaleak, eta zerbitzua zein enpresari adjudikatu erabakitakoan, beharrezko tramiteak egiten hasiko da udala. Udalak jakinarazi duenez, autobus zerbitzua abuztuaren erdialderako martxan egotea da asmoa.
Herritarrek pozik hartuko dute zerbitzu berria, batez ere auzoetan bizi direnek. San Martin eta Floreagako bizilagunek, esaterako, auzoak lotzeko autobusa jartzea «beharrezkoa» zela nabarmendu dute. «Auzoan jende askok hartuko du autobusa», esan du Goretti Ansola Floreagako bizilagunetako batek. Izan ere, zerbitzuak garraio publikoa sustatzea eta batez ere adinduen irisgarritasuna eta autonomia susta- tzea du helburu. Beatriz Mujika Floreagako beste bizilagun bat da, eta osasun arazoen eraginez bere kasara herrira ezin duela joan esan du. Zerbitzu berriak, ordea, hori ahalbidetuko diola azpimarratu du. «Izugarrizko aldea» izango dela esan dute beste batzuek, auzotar ugari daudelako herrira jaisteko norbaiten laguntza behar dutenak. «Sarriago joango gara».
Geltokiak seinalizatu
San Martin auzoan ere adindu asko bizi dira, eta horientzako onuragarria izango dela uste du Juan Jose Albizuri hango bizilagunak. Haren ama Ignacia Beristainek ere hala uste du: «Nik ez daukat kalera joaterik, eta autobusaren sarrera erraza baldin bada, erabiliko dut». Dena den, Albizuriren iritziz, zerbitzua lehenago jarri behar zen martxan.
Udalak, bere aldetik, datozen egunetan zerbitzuaren inguruko informazio osoa bidaliko du etxez etxe, ibilbidearen eta ordutegiaren datu zehatzekin. Era berean, autobusaren geltoki guztiak seinalizatzen hasiko dira datozen asteetan. Bakoitzari dagokion ordutegia ere jarriko dute han.
Zehaztuta dago autobusak egingo duen ibilbidea, eta behin-behineko ordutegia ere plazaratu dute. Izan ere, zerbitzua martxan jarritakoan beharbada aldaketak egiteko beharra ikusiko du udalak. Printzipioz, astelehenetik larunbatera bitartean ibiliko da autobusa, eta igandeetan ez da zerbitzurik izango. Aurrez zehaztu zuten moduan, bidaia bakoitza 20 zentimotan jarriko dute, eta zortzi urte bitarteko umeek doan izango dute.
'Urbanue' autobus zerbitzua
1. ibilbidea: Liburutegia-San Martin-Jausoro-Altzibar. Astegunetan: 08:00 / 09:00 /10:20 / 11:40 / 17:30 eta 18:50. Larunbatetan: 09:00/10:20 eta 11:40. 20 minutu iraungo du ibilbideak.
2. ibilbidea: Liburutegia-Erdigunea-Santa Klara- Txerloia. Asteguneko ordutegia: 07:40 / 09:30 / 10:40 / 12:00 / 12:50 / 16:40 / 17:50 eta 19:10. Larunbatetan: 09:30 / 10:40 eta 12:00. 16 minutu iraungo du ibilbideak.
3. ibilbidea: Liburutegia-Erdigunea-Aingeru- Floreaga- Auzmendi. Astegunetan: 08:30 /09:50 / 11:00 / 12:20 / 17:00 / 18:10 eta 19:30. Larunbatetan: 09:50 / 11:00 eta 12:20. 26 minutu iraungo du ibilbideak.