Hondakinak biltzeko sistema mistoa jartzea onartu du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko mai. 29a, 20:51

Bozkatu duten unea
(Ane Olaizola) Azkoitiko Udalak plenoa egin du gaur arratsaldean, eta puntu askotako saioa izan bada ere, hondakinen gaiak hartu du protagonismo osoa. Hondakinak biltzeko sistema mistoa onartu du udalak, EH Bildu eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin. EAJ eta PSE-EE alderdiek aurka bozkatu dute. Ikusmina handia izan da; pleno aretoa leporaino bete da, sistemaren aldeko nahiz aurkako herritar ugari bertaratu baitira. Batzuk, plazan geratu behar izan dute, gainera. Normaltasunez igaro da saioa, une batzuetan plazan zeudenak txistuka aritu badira ere. Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak hartu du lehenengo hitza; "birziklatzea denon ardura da. Guztiok birziklatu behar dugu, eta ikasten jarraitu behar dugu", esan du. Azkoitian familia "askok" biziklatzen badute ere, beste "askok" ez dutela egiten gogoratu du, "ezjakintasunarengatik, erosotasunarengatik edo arduragabekeriagatik". Egungo %35eko birziklatze tasa ez dela egokia deritzo alkateak, "%85era iritsi daitekeenean". Herrian zabaldu diren hainbat kontu ere gezurtatu du Julen Garate Azkoitia Bai koalizioko bozeramaileak: "Gezurra da atez atekoa jarriko dugula martxan, guztiok bereizten dugu atez atekoa eta mistoa. Eredu berria sei aldiz garestiagoa dela esatea ere gezurra da, eta kontuz ibili behar da kontu horiekin, gauden garaietan. Jendea beldurtzea da hori. Oso larria da halako gauzak esatea, gezurra denean". Zentzu horretan,udalak hondakinen tasa igoerarik handiena 2008an egin zuela gogoratu zuen; "%33 igo ziren, plenotik pasatu gabe". Era berean, Alberdik eta Garatek gogoratu dute EAJ izan zela Legazpiko eredua martxan jartzea proposatu zuena. Azkoitiko talde guztiek esan izan dute eredua aldatu egin behar dela, baina bide horretan ez dute ados jartzerik izan. Sistema ereduaren aurka bozkatu dute EAJk eta PSE-EEk. EAJren ustez kontrol sistema jarriz— txipa, esaterako—, eta "nork, non eta noiz birziklatu duen ikusita", tasa igo daiteke. Organikoen edukiontziak herrian zabaltzeak edota bakoitzak sortu eta bereizten duen araberako tasak jartzeak ere hori ahalbidetuko duelakoan dira jeltzaleak. PSE-EEko bozeramaile Miguel Reimundezek ere sistema mistoa arbuiatu du. "Kontrolaren bidez gauzatu nahi duzue, gaizki egiten duenari zigortzen. Baina heziketarekin ahaztu zarete, eta hori ez da demokratikoa, ezta bideragarria ere". Honen arabera, eredu berria "higienearen aurkakoa eta antiestetikoa" izango da. Erabakia urtebete atzeratzea proposatu du, bitarte horretan herritarrak formatu daitezen. Era berean, txosten ekonomikoak egin dituzten teknikarien eta enpresen lana kolokan jarri du, "ez direlako inpartzialak". Hain zuzen, udal gobernuak berretsi du %70eko birziklatze tasara iritsiz gero, sistema mistoarekin 1480.000 aurreztuko dela, eta datuok "kontrastatuta"dauela eta "garbiak" direla azpimarratu du. Azoka plazako lokal bati erabilera aldatzea ere onartzekoak ziren, baina azkenean bertan behera utzi dute, udal gobernuak hala eskatuta. Izan ere, Alde Zaharrekoek errefusa uzteko azoka plazako lokal bat egokitzea proposatu zuen hasiera batean udalak, hango bizilagunen "egoera berezia" delako. Proposamenarekin desados agertu dira, ordea, hainbat merkatari eta herritar. Herritarrez bete da pleno aretoa
(Ane Olaizola)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide