Danborradako antolatzaileak, Umore Ona elkarte aurrean (Ane Olaizola)
Azkoitiko Umore Ona elkarteak eta udalak antolatuta, umeen danborrada egingo dute beste urte batez, eta iaz ezarritako data mantenduko dute aurten. "Aurreko urtean erabaki zen data aldatzea, parte hartzea hobetze aldera. Orduan izandako arrakastaren odoren erabaki da data berria mantendu eta finkatzea", adierazi dute antolatzaileek. Hala, Pazko Astean, apirilaren 26an, aterako dira herriko umeak danborradan.
Antolatzaileek urtez urte danborrada hobetzea dute helburu, eta horregatik berrikuntzak izango dira aurten, "berdintasun ikuspegia sakontzeko". Beraz, aurten lehenego aldiz karrozan neskak eta mutilak aterako dira, guztiak baserritarrez jantzita. Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako umeak izango dira karrozan, eta zozketa bidez aukeratuko dituzte. Era berean, gogoratu dute neskek zein mutilek dutela kantinera eta banderadun gisa ateratzeko aukera. Horrez gain, DBHko konpainia mistoa izango da aurten, eta sukaldari jantzita joango dira.
Danbor joleen gutxieneko adina ere aldatu egin dute aurten. Zazpi urteko umeak txikiegiak zirelakoan, LH 2. mailatik gorako umeek parte hartu ahal izango dute.
Izena emateko epea hasiera batean itxita badago ere, antolatzaileek adierazi dute oraindik eman daitekeela izena, ikastetxeetan. Entseguak hilaren 31n, hurrengo astelehenean, hasiko dira; astelehen, asteazken eta ostegunetan elkartuko dira, 19:00etatik 20:00etara, Gurea frontoian.
Apirilaren 26an, larunbat arratsaldean, izango da danborrada, baina eguraldi txarra eginez gero igande goizera atzeratuko dute. Kasu horretan, herrian jarriko bozgorailuetatik iragarriko dute.