Urriko bilera
(Ane Olaizola)
Azkoitiko Udala herriko auzoak lotzeko autobus urbanoa jartzekoa da datozen hilabetetan, eta haren inguruko bilera egingo du bihar herritarrekin.
Zerbitzua martxan jartzeko herritarren ekarpenak biltzen ari da udala; urrian lehenengo bilera egin zuten, eta ibilbide proposamena aurkeztu zieten herritarrei; orduan jasotako ekarpenekin bigarren ibilbide proposamena egin dute, eta hori aurkeztu eta eztabaidatuko dute biharkoan. Era berean, prezioak eta bestelako kontuak ere aztertuko dituzte. «Behin betiko zerbitzua onartu aurretik, Azkoitiko herritarrokin partekatzea eta zuen iritzia jasotzea ezinbestekotzat ikusten dugu, guztion betebeharretara egokituko den zerbitzua lortu nahi badugu», esan du udalak.
Hala, herritar guztiei dei egin die bilerara joan daitezen; 18:30ean izango da batzarra, Elkargunean. Horrez gain, orain arte egindako bileraren inguruko informazioa, handik jasotako ekarpenak, eta bihar aurkeztuko duten ibilbide proposamena www.azkoitikoudala.info webgunean ikus daitezke, han sortu duten atalean.