Atez atekoaren aurkako plataforma, atzo
(Ane Olaizola)
Hondakinak biltzeko sistemari buruz «benetako asmoak» argitzeko eskatu dio Azkoitiko atez atekoaren aurkako plataformak udalari, eta zein sistema jarri nahi duten «ofizialki eta modu bateratuan» adierazteko galdedin dio. Ostegunean egindako agerraldian egin zuten eskaera taldeko kideek, balorazioa egin eta «hartu beharreko neurriak» hartu ditzaten.
Sistema misto bat ezartzea aztertzen ari dira Azkoitian, hau da, edukiontzi grisak kendu egingo lituzkete, eta errefusa atez atekoaren bidez jasoko lukete. Gainontzeko hondakinak, berriz, egungo edukiontzien bidez jasoko lituzkete. Sistema horren kontra agertu da plataforma, besteak beste, «garestia» izango delako. Era berean, atez atekoaren aurka daudela, eta bost edukiontziekin jarraitzeko 3.547 sinadura jaso zituztela gogoratu dute: «Hondakinak biltzeko zehaztasun gehiago du sistema honek, eta ikusi da inguruko herri batzuetan portzentaia ikusgarriak eman dituela».
Bat datoz udalak uztailean onartu zituen gutxiengo baldintzekin; besteak beste, aurten %70eko birziklatze mailara iristea eta hondakinak gaika sailkatzea guztion «betebeharra» izatea onartu zuten. Hortik abiatuta hasi zen hondakinen lantaldearen bigarren fasea, baina taldearen iritziz, «hango lan egiteko modua Bilduren eta Azkoitia Bairen benetako asmoen kamuflajea» izan da. Hori izan da taldean ez parte hartzeko izan duten arrazoi nagusia.
Azken asteetan Hondakinen Mahaiko kideek, Azkoitia Baik eta EAk egin dituzten adierazpenen eta «sortu duten egoeraren» aurrean, berriz, «harritua» daudela adierazi dute.
Horregatik, Pello Bastarrika alkateak esku hartu dezan eskatu dute plataformako kideek: «Seriotasun eta zuhurtasun pixka bat eskertuko du herriak, azkenaldian alderdiek erakutsi dituzten deskalifikazioen eta gaitzespenen aurrean». Era berean, alkatearen jarrera kritikatu zuten, «Bastarrikari, Azpeitian bizi denez, Azkoitiko kale historikoetan jarri nahi dituzten zintzilikario nazkagarriek eta bestelakoek ez baitiote eragiten».
Atez atekoaren kontrako Azkoitiko plataformak «ezinegona» du Bilduk eta Azkoitia Baik gai honen inguruan «erakusten duten isiltasun susmagarriaren» aurrean, izan ere, euren ustez, «isiltasun honek sinaduren eta herritarren borondatearen kontrako jarrera bat erakusten dute».