Adin txikikoenganako ustezko exhibizionismo kasu bat ikertzen ari da Ertzaintza

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2014ko urt. 13a, 13:11

Ertzaintzak jasotako salaketa baten arabera, joan zen asteartean, urtarrilaren 7an, gizon batek ustez exhibizionismo saiakera egin zuen adin txikikoen aurrean Azkoitian. Azkoitiko Udaltzaingoaren bidez izan du Ertzaintzak gertaeraren berri, eta kasua egiaztatzeko eta adin txikikoenganako ustezko exhibizionismo delitua argitzeko ikerketa jarri du abian. Adin txikiko pertsonak tartean egonik, ez dute gertaeraren datu gehiago plazaratu. Kasuak oihartzun handia izan du azken egunetan sare sozialetan. Azkoitiko Udalak, bere aldetik, jakinarazi du gertatutakoa argitzeko asmoz elkarlanean ari dela Ertzaintzarekin; «herritar batek salaketa jarri du eta hori ikertzen ari da Ertzaintza, eta ikerketa horretan laguntzeko, ustezko erasotzailearen inguruan duen informazioarekin txosten bat prestatzen ari dira udal teknikariak», esan dute. Udalak argitu du «mota guztietako eraso sexisten aurka» dagoela, eta «emakumeen kontrako indarkeria orori aurre egiteko ahalik eta baliabide gehienak» jartzen dituela berretsi dute. Emakumeen kontrako indarkeria «arazo sozial» bat dela azpimarratu dute, eta horri aurre egiteko «beharrezko erremintak» indartzen ari dela gaineratu dute: besteak beste, emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko protokoloa martxan du udalak, eta prebentzio politikak lantzeaz gain, azken hilabeteetan hainbat autodefentsa feminista tailerrak egin dituzte herrian. Gertaerak izan duen oihartzunaren aurrean, ordea, udalak herritarrei dei egin die gertaera ez dezaten baliatu arrazismoa eta xenofobia sustatzeko, eta zuhurtziaz jokatu dezatela eskatu dute: «Gisa honetako gertaerak arraza eta komunitate ezberdinez haratago» daudela irizten dio udalak; «estatistikek argi erakusten dute erasotzaileen profilak ez duela zerikusirik arraza, adin edo maila sozialekin, eta lotura okerrak egitea arriskutsua izan daiteke elkarbizitzarentzat».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide