Herriraren aurkako operazioan atxilotutakoen askatasuna eskatu du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko urr. 4a, 12:18

Azkoitiko Udalbatza, atzo
(Ane Olaizola) Azkoitiko Udalbatzak premiazko bilkura egin zuen atzo arratsaldean, Herriaren aurkako polizia operazioa salatzeko. Pleno aretoa txiki geratu zen, eta Bilduk eta EAJ-k adostutako mozioa onartu zuen udalak, Bildu, EAJ eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin. Izan ere, plenoaren hasieran, han lantzekoa ziren mozioa premiazkoa zen edo ez bozkatu zuen Udalbatzak, eta PSE-EEk aurka egin eta pleno aretoa utzi zuen alderdiko bozeramaile Miguel Reimundezek. Adierazpenaren bidez Espainiako Gobernuaren eta Auzitegi Nazionalaren "estrategia politiko-judiziala" salatu zuen udalak. "ETAk duela ia bi urte ekintza armatuaren behin betiko etena aldarrikatu zuela jakitun izan arren, eta ETAren erabakiaren irrebertsibilitatea eta egiazkortasuna egiaztatzeko ardura oplitikoa bere gain hartu beharrean, aipatu taldearen ekintzak irauten duen ideia berreskuratu nahian dabiltza", adierazi zuten. Herritar ugari bertaratu zen plenora
(Ane Olaizola) Aste honetako atxiloketen aurrean, berriz, Herrira-ren baitan euskal presoen oinarrizko eskubideen alde lanean ari diren atxilotutako pertsona guztien askatasuna eskatu zuen udalak, eta euskal herritarron eskubide zibil eta politikoekiko errespetua aldarrikatu zuen. Era berean, gaur Azkoitian egitekoak diren mobilizazioetara eta biharko Bilboko manifestaziora joateko deia luzatu zien herritarrei. Hemen irakur daiteke mozio osoa: www.azkoitikoudala.info/images/stories/fitxategiak/albisteak/mozia_herrira_transazionatua_eu.pdf

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide