Eskola Agenda 21en barruan Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko ikasleek udaletxeko pleno aretoa hartu dute goizean, hondakinen arazoa haintzat hartuta urte osoan egin dituzten ekintzen berri emateko eta udalari gaiaren inguruan eskakizunak egiteko. Gaztetxoek azpimarratu dute hondakinen arazoa "larria" dela, eta Agenda 21en bitartez herritarrei laguntzeko prest azaldu dira.
Herritarrek gaika berziklatu dezaten, berriz, edukiontzi marroiak gehitu eta errefusa biltzen duten edukiontziak gutxitu ditzaten eta kaleko zabor ontzi txikietan gaikako bilketa egiteko aukera eman dezaten eskatu die udalari; era berean, ikasleen iritziz, "orain arte egindako kanpainek ez dituzte lortu guk nahi genituzkeen emaitzak". Hala, beste sistema batzuk probatzea proposatu dute; besteak beste, etxepeko bilera aprobetxatzea, boluntarioak edo udal langileak prestatzea hondakinak kontrolatzeko eta sailkapenean herritarrak laguntzeko. Udalak, berriz, positibotzat jo du ikasleek gaiaren inguruan egindako azterketak eta ekarpena, eta proposamenak "aztertuko" dituztela adierazi dute.
Aurten egindako lana abiapuntu izanda, maiatzaren 31n erakustaldia egingo dute plazan. Azkoitian Eskolako Agenda 21ek 10 urte bete dituela-eta, ikasleek egindako lanaren ondoren herrian lortutako emaitzak emango dituzte jakitera.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide