Hondakinen lan taldea osatuko du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2013ko mar. 1a, 15:55

Azkoitiko Udalak hondakinen inguruko prozesu berria abiatzeko asmoa du, eta horretarako lan talde bat osatu nahi du herritarrekin. Udalak adierazi duenez, hondakinen kudeaketaren inguruan "ikuspuntu deberdinak" agertu dira, eta "herritar guztiei dagokien gaia izanda", hondakinen eta horren kudeaketaren inguruan sakondu nahi dute. Azkoitiko talde eragileek eta herritar norbanakoek hartu dezakete parte taldean, eta lehenengo fasea hurrengo astean hasiko dute. Bost bilera egingo dituzte fase horretan, eta asteazkenean elkartuko dira lehendabizikoz, 18:30ean, Elkargunean. Taldeko partaideek gaiari buruzko informazio teknikoa bilduko dute, "adituen bitartez", eta hori partekatuko dute. Informazio horiek ardatz izanda, Azkoitiak hondakinen kudeaketan hartuko duen "bideaz" eztabaidatuko dute. Halaber, "kudeaketa eredurako ezarpenean eman beharreko pausoak" adostuko dituzte. Hurrengo asteazkenetik aurrera, hilean behin elkartuko dira, eta gai desberdinak jorratuko dituzte; hala nola, Azkoitiko eta eskualdeko egoera, bilketa eredu desberdinak eta datu ekonomikoak izango dituzte hizpide. Udal ordezkariek, adituek, eragiletako ordezkariek eta norbanakoek zalantzak argitu, iritziak eman eta ekarpenak jasoko dituzte. Udalak herritarrak eta taldeak gonbidatu ditu bertaratzera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide