Azkoitiko Udalak hasi du datorren aurrekontuak osatzeko bilera erronda. Danon Herrixe parte hartze prozesuko lehen batzarra egin zuten atzo, eta baserri auzoetan bizi diren dozena bat lagunekin bildu ziren Elkargunean. Elosu, Santakutz, Aizpurutxo, Kukuherri, Urrategi, Martite eta Madariagako bizilagunek euren auzoetako alderdi onak eta hobetu beharrekoak azaldu zituzten, eta auzo ikuspegitik herri ikuspegira zabaldu zituzten hausnarketak gero. Hori hala, bertan bildu zirenek ondorioztatu zuten herriko baserri auzoak “utzita” egon direla azken urteetan; beraz, egoera horri aurre egiteko “premia” azpimarratu zuten. Zentzu horretan, auzo horietan auzolanean aritzeko “eskarmentua” dutela adierazi zuten bizilagunek, eta, hain zuzen, hori berreskuratu beharra dagoela nabarmendu dute.
Bertaratu ziren auzokideak taldeka aritu ziren auzo bakoitzaren diagnosia egiten. Gaur ere halaxe arituko dira Azkoitiko bizilagunak, baina oraingoan alde zaharreko, Txalonerrekako eta Jausoroko, Zuazola kaleko, Nemesio Etxanizeko, Bizenta Juaristiko, Estradako, Auzmendiko, Ubaiarreko eta Santa Klarako herritarrekin bilduko dira, 18:30ean, Elkargunean. Bihar, berriz, Trenbidearen zumardia, liburutegi ingurua, Bizkargi eta Ibai-ondokoen bilera, izango da, Julio Urkijo, Trino de Uria, Ugarte eta Jandonianiz barne. Hurrengo astean jarraituko dute bilerek.
Era berean, bileretara joaten ez direnek ere egin ditzakete euren ekarpenak, www.azkoitia.gobernuirekia.net edo danonherrixe@azkoitia.net helbideen bidez.