Denboraldi erdiko langa igarota, atzerako kontaketa hasi dute gure traineru elkarteek. Sei estropada geratzen dira Euskotren ligan, eta talde bakoitzak azken txanpa honetara egokitu beharko ditu orain arteko helburu eta aurreikuspenak.
Irabazlearen koroak jabe bakarra duela erraz antzematen da: Arraun Lagunak, hamarretik hamar bandera poltsikoratuta. Hala ere, emoziorik ez da falta, ohorezko txandan bigarren posturako lehia bizia baita hiru traineruen artean: Oriokoen, Tolosakoen eta Donostiakoen artean.
Orain artean, Orio izan da erregularrena hiru horietatik; Donostiarrak, aldiz, goranzko bilakaera izan du; eta, Tolosaldeak oso maila ona erakutsi duen arren, pare bat alditan ohorezko txandatik kanpo geratu da.
Lehen txandari dagokionez, nagusitasunez irabazi ditu Hondarribiak denboraldi honetako ia jardunaldi guztiak, eta ohorezko txandan izateko txartela ere irabazi du birritan. Txanda horretako borroka handiena seigarren postua egonkortzearena izan da: play-off-a jokatzeko postua saihestu eta mailari eusteko lehiarena, alegia.
Hibaika eta Cabo taldeak elkarri mokoka ibili dira ahalegin horretan eta, egun, Errenteriakoak mailari eusteko moduan direla esan daiteke, hiru puntuko errentarekin gailenduta.
Azken-aurreko eta azkenengo postuetan, Cabo eta Tiran taldeak daude, hurrenez hurren. Galiziakoek aurreko urteko maila hobetu badute ere, ez da nahikoa izaten ari orain arte egindakoa inoiz baino lehiakorragoa izaten ari den Euskotren ligan.