Puntuka

Errutinatik ihesi

Erabiltzailearen aurpegia Intza Trula 2023ko mai. 4a, 11:23

Zumaiako Itzurun hondartza. (Maria Maya Manterola)

Intza Trulak Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Udaberrian eta udan jendea zoriontsuagoa da, horrela diote hainbat ikerketak, eta oraingoan ezin diot datuei aurka egin. Ni neu ere eguraldi onarekin umore onez jartzen den horietakoa naizela aitortu behar dizuet; ez nahastu, ez ditut lehenengo eguzki izpiekin praka laburrak eta tirantedun kamisetak janzten, horretarako denbora gehiago behar izaten dut. Ez dut gezurrik esango, eguraldi txarrari aurpegi ona jartzen ez naiz oso ona. Baina egunak luzeagoak direnean eta argi orduak gehiago direnean jendeak beste modu batera ikusten du guztia, eta hainbat arrazoirekin lotzen dut nik hori.

Lehenbizikoz, urteko beste hilabeteei aipamena egin nahiko nieke. Izan ere, udaberria heltzen denerako denbora luzea daramagu errutina batean sartuta, bai ikasketak direla, bai lana dela, bai beste eginbeharrak direla tarteko. Gure eguneko ordu gehienak aipatutakoak egiten igarotzen ditugu, besterik gabe. Alabaina, baliteke, eguneko argi orduek gora egiten dutenean, errutina horretatik ihes egiten dugun sentsazioa izatea. Egunerokoan programatuta ditugun egitekoak eginda, oraindik ere norberak gustuko dituen jarduerak gauzatzeko gonbita egiten digute argi ordu estra horiek. 

Horrez gainera, ezin ukatu gehiengoak izaten dituen oporraldiak ere zoriontasun horretan zerikusirik dutenik. Udaberriaren hasierarekin, eguraldi onaren etorrerarekin eta tenperaturaren igoera apalarekin, urte osoan esperoan egon diren atsedenerako aste horiek geroz eta hurbilago ikusten dituzte. Kostatik urrun bizi direnek, adibidez, edota hondartzara joateko denbora luzez autoa hartu behar dutenek, itsasoa ikusteko egunak gero eta gutxiago direla nabaritzen dute. Era berean, lagunak eta familiartekoak urtean zehar alboan ez dituztenek ere, haiekin berriz elkartzeko atzerako kontaketa hasi dela ikusten dute. Zoriontasunarekin lotzeko arrazoiak barra-barra.

Halaber, eguraldi onak eta egunak luzatzeak orokorrean zoriontsu egiten gaituela arrazoitzeko emandako argudioak motz geratu direla iritzi baduzu, hona hemen beste bat, eta ez azkena izateagatik garrantzi gutxiagokoa. Mundua hankaz gora eta etengabeko desadostasunean dagoen honetan bada zerbait guztiok elkartu eta zoriontsu egiten gaituena; elkarlanean aritzera bultzatzen gaituena eta guztion artean antolatzeko beharraren garrantzia erakusten diguna. Agian, honezkero asmatu duzu, baina horrela ez bada, herriko festez ari naiz. Ezin dut artikulua amaitutzat eman hilabete hauetan egiten diren herriko festei aipamenik egin gabe. Modu batera deskribatzekotan, etengabeko jai, dibertsio eta parrandatzat deskribatuko nituzke hilabete hauek; gazte askok Euskal Herriko bira egiten dute txoko guztietako festez gozatuz. Herritik eta herriarentzat egiten dira festak, eta oraindik ez dut ezagutu herriko festetan zoriontsu ez denik.

Ondorio bat atera beharko banu, horrelako zerbait izango litzateke: eguraldi onak umorean eragiten duela argi dago, baina agian zoriontsuen egiten gaituena gure egunerokotasun horretatik ihes egiteko sentsazioa da, betiko errutina alde batera uzten dugunaren sentsazioa. Bi hilabete eskas geratzen dira oporretarako, familiartekoak eta lagunak ikusteko, hondartza zapaltzeko, itsasoan bainu bat hartzeko, herriko festez gozatzeko eta une batez zoriontsu egiten gaituzten beste mila gauza egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide