Atzo lanera bidean ikusitakoak pentsakor utzi ninduen, eta ez arrazoi on batengatik, inondik inora ere. Herriak pixkanaka-pixkanaka beren xarma galtzen joango direlakoan nago, eta pena da. Lanera bidean egin nuen ibilbidean herriko hiru dendarekin egin nuen topo, eta hirurek ezaugarri bat zuten amankomunean; behin betiko itxi zituztela iragartzen zuen kartel bat zeukaten kanpoan eskegita, edo denbora baten pean itxiera iragartzen zuen folio bat zeukaten atean itsatsita.
Herrietako saltoki txiki ugarik amore eman dute, edo hobeto esanda, amore eman behar izan dute. Gogoan dut, duela ez urte asko, herriko dendak biztanleontzako aukera bakarra zirela, bai eguneroko ogi barra erosteko, bai bizkotxoa egiteko falta zitzaigun gurina erosteko. Gaur egun hori aldatu egin da, eta pena da. Pena da etorkizun hurbilean ez dela etxe azpiko betiko dendan erosteko aukerarik izango, eta nahitaez kanpora joateko derrigortasuna izango dugula erosketa handi zein txikiak egitera.
Denda txikien krisiaren hasiera pandemiarekin nabaritu nuen nik gehienbat; altxa dezala eskua etxean egon ginen ia hiru hilabeteetan Internetez erosketarik egin ez zuenak, eta, hortik aurrera, bere erosteko lekurik ohikoena bihurtu ez duenak. Interneteko salmentek gorakada nabarmena izan zuten berrogeialdi hartatik aurrera, eta saltoki txikiak K.O. utzi zituen. Garai hartan egoerari aurre egitea lortu zuten gehienak burua altxa ezinda dabiltza ordutik.
Eta berriz diot, gauzek horrela jarraituz gero, zoritxarrez, egunak kontatuta dituzte zabalik dauden dendek. Horren ondoren, zer? Saltoki txiki horiek dira herriari bizitasuna ematen diotenak; garrantzi ekonomikoaz haratago doa haien jardunaren garrantzia. Halaber, hurbileko produktuak erosteko aukera galduko dugu, produktu freskoak eta kalitatezkoak. Zer esanik ez saltzailearen eta eroslearen aurrez aurreko tratuaz. Harreman hori ez dago Internet bidez egindako erosketekin konparatzerik. Eta hori gutxi ez balitz, helduenek (edota erosketak egitera kanpora joateko zailtasunak dituztenek) ez dute izango non erosi.
Interneteko salmentak aipatu ditut lehenago. Atean itsatsita zegoen paperean esplizituki jartzen ez bazuen ere, ziur nago etxera egiten ditugun erosketek itxierarekin zerikusi zuzena dutela. Eta normala da, bertan aurkitu ditugulako, alde batetik bestera presaka goazen garai honetan, hainbat abantaila. Denok hartu dugu ohitura (handiagoa edo txikiagoa) plataforma digitaletan erosteko, bai erosotasunagatik, bai azkartasunagatik, baita prezioak ikaragarri igo diren denbora honetan Interneten askotan produktu merkeagoak aurkitzen ditugulako ere. Eta nik ere ez dut kontrakorik esango, oso erosoa baita nahi duzun hura pare bat egunetan zure etxeko atarian jasotzea, sofatik mugitu ere egin gabe, eta erositako horrek nolabaiteko deskontua baldin badu, zer esanik ez. Hori guztia klik batean.
Kate baten antza du errealitate honek. Izan ere, saltoki txikiak emeki-emeki erosleak galtzen doaz, eta horri argiaren, alokairuaren, eta produktuen prezioen igoera gehitzen badiogu, denok imajina dezakegu nolako amaiera izango duen honek; iluna denda txikien jabeentzat, dezente hobea Interneteko salmenten atzean daudenentzat.