Urtea oraintxe hasiagatik, ika-mika bizia ekarri dute Azpeitiko lehen udalbatzarrek. Batzuek betikoan segitzen dute, herritarron segurtasunaz erabat kezkaturik, polizia eta kamera gehiago eskatzen dituzte aukera daukaten bakoitzean. Izan ere, lehen gutxi ez, eta polizia gehiago behar omen du Azpeitiak; dela Urtezahar gauean gutxiegi zeudelako, dela beste edozein arrazoirengatik.
Egia esan, kalkulu elektoraletik proposamen politikotik baino gehiago daukaten halako eztabaidek nazkatzen hasia naukate. Izan ere, hasiera batean dena da herria eta herritarren segurtasuna edo bizitza hobetzera begirakoa, baina telebista piztu eta behin eta berriz mezu berbera errepikatzen dela ikusten dudanean, zerbait justifikatu beharretik ari direlakoan nago gehiago.
Izan ere, ideologia erreakzionarioaren jasa batean gaude, eta alderdi instituzionalek gizartearen pentsamenduetan eragin eta botoa berenganatzeko, eskubiranzko joera nabarmena hartu dute. Herrian ere, beren programa politikoari leial, berenak esan arte ez dute bakerik izaten askotan. Eta udalbatzarretan bezalaxe, panfleto eskasetan ere isla daiteke beren ideologia erreakzionarioa.
Ez alderdiak bakarrik. Azken udalbatzar horretako aipamen bati jarraika irten zen Esan sindikatu poliziala herriko Udaltzaingoaren egoera "tamalgarria" salatzera. Izan ere, lehen esan bezala, polizia gutxiegi omen daukagu herrian –eta ni gehiegi zeudelakoan–, eta horrek "ondorio larriak eta jasanezinak" ekartzen omen ditu. Askotan ikusi izan ditut nik estutasun handirik gabe herriko poliziak, baina tira, ez zen hori izan bereziki kitzikatu ninduen aipua.
Haatik, sindikatuak indarkeria matxistari egoki erantzuteko ezintasuna ere aipatzen baitzuen bere oharrean. Dirudienez, indarkeria matxistari hobeto erantzungo omen litzaioke polizia gehiago jarrita. Aurpegi adeitsua jarri nahi dute horrela, nonbait. Hala ere, problematika hori borrokatu, eta, zer esanik ez, sufritu duenak ederki daki poliziaren instituzioak zein muga dauzkan egoera askoren aurrean. Bi kasu baino ez ditut aipatuko. Lehena, 2023an, Gasteizen emakume bat hil zuen bere bikotekide ohiak 3 urteko umearen aurrean; gizonak lehenagotik urruntze agindua zeukan, baina poliziaren balorazio inkestak ebatzi zuen emakumea ez zegoela arriskupean. Eta beste bat: pasa den urtean, Pasaian [Gipuzkoa] gizon batek emakume bat hil zuen; gizonak, dirudienez, bi ikerketa judizial igaro zituen hori egin aurretik, esan gabe doa, arrazoi beragatik. Baina horiek ez dira albisteetan irakurtzen ditugun kontuak soilik: hemen inguruan ere ezagun da Udaltzaingoarengana indarkeria matxista kasuren bat salatzera joatea tokatu eta "ezin dugu ezer egin" erantzutea.
Are gehiago, nola nahi dute polizia gehiago jarrita indarkeria matxistarekin amaitu, polizia indarrak erasotzailez beteta baldin badaude? Espainiako Estatuan 2023ko eta 2024ko udetan jazotako erailketa matxisten %15 poliziek edo polizia ohiek egin zituzten. Bi emakume sumisio kimikoaren bitartez bortxatu zituzten bi erasotzailek, eta haietako bat polizia agente baten senidea zen. Eta hori nahikoa ez bazen, frogak desagertu egin zirela esan zuen poliziak. Azkenik, Bilboko udaltzain batek bere bikotekide ohia jazarri du orain dela hilabete batzuk, GPS bidez kontrolatuz. Pentsatzekoa da, beraz, emakumeok zer konfiantza daukagun poliziarekiko testigantza horiek entzunda.
Azpeitian zerbait ikusi badugu, poliziak zerbaitetarako balio izatekotan, ofentsiba erreakzionario betean, errepresioa gauzatzeko dela da, boteredunen interesak eta ordena soziala mantentzeko.
Garbi dago indarkeria matxista deuseztatzea ez dela polizia ugaritzetik etorriko, ezta gutxiagorik ere. Beraz, kamera gehiago, polizia gehiago... jarri nahi dituenak, esan dezala duda-mudarik gabe, zergatik eta zertarako nahi dituen. Baina, arren, utz ditzala txorakeriak; indarkeria matxistak, berekin amaitu nahi bada behintzat, proposamen irmoak eta serioak behar baititu.