Urtebeteko lanketa egin ostean, Azpeitiko udalbatzak atzo eman zion azken onarpena klima larrialdiari egokitzeko hainbat helburu eta ekintza jasotzen dituen Klima eta Energia Planari. Gainontzean, munta handirik gabeko izapideak landu behar zituzten hautetsiek atzo arratsaldeko udalbatzarrean, eta hala egin zuten, harik eta bilkuraren amaieran, galdera eta erreguen txandan, EAJko ordezkariek Udaltzaingoari lotutako tirabirak mahaigaineratu zituzten arte.
Batetik, Udaltzaingoa indartzeko hartu zuen konpromisoa ez dela betetzen ari leporatu zion Jabier Altuna Kanpaxak (EAJ) udal gobernuari, hain zuzen ere, urteko lehenengo zerbitzuan, Urtezahar gauean, bi udaltzain zeudelako lanean, eta ez lau, EH Bilduk zuzendutako gobernuak agindu modura.
Hainbat bider adierazi du kexa hori bera EAJk, halaxe egin zuen azken udalbatzarrean ere, eta Nagore Alkorta alkateak orduan erantzundakoa errepikatu zion atzokoan: udalaren planteamendua dela lau udaltzain lanean aritzea txanda bakoitzean, eta hori betetzeko inoiz baino baliabide gehiago bideratzen ari direla Udaltzaingora, "EAJ gobernuan zegoenean baino gehiago", ñabartu zuen. Beraz, argitu zuen txanda batean lau udaltzain beharrean bi ari badira lanean, ez dela udalak hala erabaki duelako, laneko bajen eraginez baizik. "Ez dago gure esku lan absentismoa kudeatzea", berretsi zuen alkateak.
Bestetik, Azpeitiko Gaztetxearen urteurreneko ospakizunen bueltan izandako istiluen harira Azpeitiko EH Bilduk hartutako jarreren kontraesanak seinalatu zituen Altunak. EAJko zinegotziaren esanetan, ez da ulergarria, batetik, istiluetan lanean izan ziren udaltzainei babesa adieraztea, eta era berean, liskar horiengatik auzipetu dituzten 23 herritarrei elkartasuna agertzea.
Alkortak bere garaian udaltzaingoei adierazitako babesa berretsi zuen atzo, eta jakinarazi udalaren jarrera eskertu dutela behargin horiek. Hori esanda, deitoratu zuen gai hau Azpeitiko Udalari eta alkateari eraso egiteko erabiltzen ari dela alderdi jeltzalea. "Gai hau politikoki erabili nahi izan da, eta berriz plenora ekartzea... udaltzaingoari eskainitako babesa berresten dugu, horrek ez du esan nahi egoera horren ondorioz inputatuta dauden herritarrei edo haien familiei elkartasuna adieraztea eragotzita dugunik", adierazi zuen.