Datorren urteko udal aurrekontuaz eztabaidatzeko eta hori onartzeko ez ohiko udalbatzarra egin zuten atzo iluntzean udal hautetsiek. 19:00en bueltan hasi zuten bilkura, eta landu zituzten puntuetan garrantzitsuena erakundeak 2026rako izango duen aurrekontuaren ingurukoa izan zen. EH Bilduren udal gobernuaren aldeko bozekin onartu zuten proposamena; EAJko zinegotziek abstentzioaren aldeko hautua egin zuten, hainbat arrazoi argudiatuta.
Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak eman zituen aurrekontu proposamenaren gaineko xehetasunak, eta hark eskerrak eman zizkien proposamena lantzeko prozesuan ekarpenak egin dituzten herritarrei, udal langileei nahiz politikariei, horien proposamenak "ezinbestekoak" direlako. Azpeitiarren beharrei erantzuteko eta horien ongizatea bermatzeko aurrekontuak osatu dituztela esan zuen. Eta hain zuzen ere, horretarako 28,3 milioi euroko aurrekontua izango du erakundeak –Azpeitia Berritzenen aurrekontua, berriz, milioi bat euroren bueltakoa izango da– helburu horiek betetzeko.
Aurten baino diru gehiago izango du, beraz, udalak datorren urtean; sei puntu haziko da zenbateko hori urte batetik bestera, ordenantza fiskaletan izango diren igoerak, foru funtseko ekarpena eta inbertsioetarako jasotako diru laguntzak tarteko. Dena den, udalak izango duen gastua ere handiagoa izango da, Goenagaren hitzetan, inflazioaren eragina nabari delako udalean ere, eta ideia bat nabarmendu zuen: gastua handituko bada ere, inbertsioetarako ahalari helduko dio erakundeak. Halaber, haren hitzetan, pertsonak erdigunean jarrita osatu dituzte aurrekontuak: "Herritarren bizi kalitatea hobetu nahi dugu; izan ere, zenbaki hotzen mugimenduak eragina du pertsonengan".
Inbertsioek gora
Datorren urtean udalaren gastuak handituko direla aurreikusi dute, baina inbertsioetarako diru gehiago izango du erakundeak. Hain zuzen ere, 2,6 milioi euro bideratuko ditu udalak inbertsioetara, eta hainbat diru partida zehatz jaso dituzte aurrekontu proiektuan. Besteak beste, 500.000 euro bideratuko dituzte Garmendipeko kirol proiektura; 80.000 euro baliatuko dituzte Azpeitia eta Lasao arteko bidegorrian komun bat jartzera; Olazko Andre Mariaren plaza eta Santutxo auzoaren arteko eskailerak –Batzokiaren ondokoak– egiteko 150.000 euro erabiliko dituzte; Izarraizpe ikastolaren Perdillegi kaleko eraikinean estalpea egiteko beste 150.000 euro; Izarrizko Ateko ur txorrotak berrituko dituzte eta gunea txukundu ere bai, eta 150.000 euro baliatuko dituzte horretarako; eta 155.000 euro erabiliko dituzte kirol azpiegiturak berritzeko.
Gainera, kalitatezko zerbitzu publikoetan egin zuen azpimarra Goenagak; izan ere, hark esan zuenez, gaur egungo zerbitzuak indartzea, egokitzea eta proba pilotuak martxan jartzea da haien xedea. Horren barruan, Gizarte Zerbitzuak indartzen segitzeko helburua du erakundeak; izan ere, arlo horretara 3,4 milioi euro bideratuko ditu. Goenagak azaldutakoaren arabera, lau urtean milioi bat euro igo da sail horretara bideratutako diru kopurua, eta horren arrazoietako bi dira martxan den etxez etxeko zerbitzua eta doako psikologo zerbitzua. Goenagaren hitzetan, Azpeitian zerbitzu publiko "onak" daude gaur egun, baina ezinbestekoa da horiek berritzea nahiz herritarren beharretara egokitzea, baita zerbitzu horietarako langileak kontratatzea eta haien lan baldintza duinak bermatzea ere. Horregatik, udal langileen nahiz udal zerbitzuetarako azpikontratatutako langileen gastua 7,6 puntu igoko da datorren urtean.
Badira aurten hasi eta datorren urtean bukatuko dituzten hainbat obra nahiz inbertsio, batez ere obrekin lotutakoak. Udalak emandako xehetasunen arabera, aurtengo aurrekontuan sartutako eta exekutatzen hasitako zenbait lan datorren urtean bukatuko dituzte. Horietako batzuk dira honako hauek: Udaltzaingoaren egoitza berria, igerilekuaren aurreko parkearen estalpea handitzea, eremu horretako markesinak berritzea, eta Garmendi auzoan umeentzako parke bat egitea nahiz Urbitarte auzokoa berritzea. Halaber, Done Jakue kaleko topalekua ere datorren urtean egingo dutela aurreratu dute, baita Etxe Alai auzoko eta Urrestillako berrurbanizazio obrak bukatu ere.
Bestalde, tokiko ekonomia indartzen jarraitzeko, Iraurgi Berritzeni 470.000 euroko diru ekarpena egingo dio udalak datorren urtean ere, eta ekonomiaren sustapenerako diru laguntzetara 400.000 euro bideratuko ditu. Izan ere, Goenagaren hitzetan, arrakasta izaten dute diru laguntza horiek, eskaera ugari jasotzen dituzte. Eta datorren urteko aurrekontuetan sartu du udalak beste puntu bat ere: basoen erosketa. Atzoko udalbatzarrean jakinarazi zuen Ogasun batzordeburuak udalak urtea bukatzerako Izarraitz eremuan hainbat hektareatako baso baten salerosketa sinatuko duela aurreikusten duela, eta datorren urterako, basoen inguruko plan bat egiteko eta lur gehiago erosteko partida jaso du erakundeak. Halaber, herriko argiteria LED sistemara aldatzen segituko dute datorren urtean.
Gainera, datorren urtean egikarituko du udalak Erdikalean babes ofizialeko hamabi etxebizitza egiteko proiektua, eta espero du urtebetez geldirik izan den Santutxo auzoko babestutako etxebizitzen proiektua ere datorren urtean bukatzea eta horiei dagokien zozketa egitea. Etxebizitzaren arloan azken urteetan udalak egin duen lana ere ekarri zuen gogora Goenagak, eta esan zuen Azpeitia Berritzenekin batera etxebizitza planean jasotako helburuak gauzatzen jarraituko duela. Horri lotuta, gogoratu zuen Elizkalean alokairu sozialeko hamasei etxebizitza egiteko proiektua martxan dela. Horrez gain, Goenagak esan zuen aurrekontuak urtebeterako izaten badira ere, udalak "ikuspegi luzeagoarekin" jokatu behar duela, eta beraz, azterketak eta proiektuak egitera bideratutako diru saila ere handiagoa izango dela datorren urtean, "etorkizunean eginda" ikusi nahi dituzten proiektuak paperean jasota izateko.
"Ahuleziak" dituzten aurrekontuak
Datorren urterako udal aurrekontu proposamenaren azalpenak eman ostean, EAJren udal taldeko Nerea Aldaik hartu zuen hitza, eta hark eskerrak eman zizkion udal gobernuari, beraiek egindako ekarpenak kontuan hartzeagatik. Banan-banan aletu zituen hark EAJk egindako proposamenak; izan ere, hainbat izan direla zehaztu zuen. Hona hemen batzuk: Soreasu auzunea eta Bustinzuriko Errebala biziberritzea; Esklabetako ezker hegalean babestutako etxebizitzak egitea; Alde Zaharreko etxeetan suteen-eta prebentzioa gauzatzea; lokal hutsak etxebizitza bilakatzeko proiektua aztertzea; Landeta biziberritzea; Udaltzaingoa indartzea eta herrian kamerak jartzea; udal eraikinak klimatizatzea; bertako basoak sortzea; gidabaimena euskaraz ateratzen dutenentzat bekak eskaintzea; gaixorik dauden eta une oro elektrizitatea behar duten herritarrentzako laguntzak eskaintzea; nahiz herriko ondarearen 360 graduko bisita birtualak udalaren webgunean jartzea.
Horietako batzuk aurrekontu proposamenean jaso ditu udal gobernuak, eta beste batzuk ez, eta hain zuzen, horregatik 2026ko aurrekontuetan "ahuleziak" badirela esan zuen. Gizarte Zerbitzuak indartzeko hartutako neurriekin "guztiz ados" badaude ere, etxebizitzari eta segurtasunari lotuta Azpeitian "gehiago" egin daitekeela eta egin behar dela esan zuen Aldaik; izan ere, haren hitzetan, bi gai horiek dira gaur egun gizartean kezka gehien sortzen dutenak.
Etxebizitzari lotuta, Santutxoko 28 etxebizitza babestuen proiektua "geldirik" dagoela eta "ikaragarri atzeratu" dela esan zuen, eta Amueko eremua judizializatuta dagoela, "geldirik", eta beraiek dakitenez, jabeekin akordiorik ez dagoela adierazi zuen. Horrez gain, alokairu sozialeko etxeak egin direla, baina ez direla nahikoa esan zuen, Esklabetako ezker hegala babestutako etxebizitzak eskaintzeko eraikin aparta dela zehaztearekin batera. Segurtasunari dagokionez, iaz Udaltzaingoa indartzeko eskaera egin zuen EAJk, eta Aldairen hitzetan, udal gobernuak lau udaltzainekin osatutako bost txanda osatuko zituela agindu bazuen ere, ez da hori betetzen ari. "Bajak, oporrak... dira horren arrazoi nagusiak, baina igual, are handiagoa izan behar du Udaltzaingoaren egiturak".
Etxebizitza eta segurtasuna, eztabaidagai
Aldaik egindako adierazpenei Nagore Alkorta alkateak erantzun zien, "atzo [asteazkena] hain gaizki ez zeuden gauzak, plenoan gaizkiago" zeudela-eta harrituta. Alkatearen hitzetan, EAJk egindako balorazio batzuk politikoak dira, baina beste batzuk ez dira egiak.
Haren aburuz "egia ez" ziren argudio horien artean da Santutxoko etxebizitza babestuekin gertatutakoa. Alkortak azaldu zuenez, proiektua ez dago geldirik, proiektua idazten ari dira, eta geldirik egon da proiektua, enpresa batek aurkeztutako kontratuzko helegiteagatik. "Halakoren bat aurkezten denean prozesua geldiarazten dute, eta errekurtso hori ebaztea Eusko Jaurlaritzaren menpeko erakunde bati dagokio. Kexa bideratu genuen, erakunde horrek ez duelako behar adina pertsonal eta erantzunak ez dituelako epe barruan ematen; izan ere, horren ondorioz egon da geldirik udal honen prozesurik handiena. Beraz, ez da Azpeitiko Udalaren errua izan", adierazi zuen.
Hori esanda, etxebizitza "denen erronka" dela eta lankidetzan aritu behar dela esan zuen alkateak, baina etxebizitzaren arloan eskumenak zer-nolakoak diren jakitea ere "oso garrantzitsua" dela azpimarratu zuen: "Askotan esaten da Azpeitiko Udalak babes publikoko etxeak egin behar dituela, baina nork ematen du horretarako kalifikazioa? Eusko Jaurlaritzak. Ba al dakizue zenbat kostatzen den babestutako etxebizitzak egitea? Elizkaleko hamasei etxebizitza egitea 15 milioi euro kostatuko da. Alokairuko etxebizitzetarako 500 eskatzaile ditugu, baina Azpeitiko Udalak horri erantzun dakioke? EAJ gobernuan jarriz gero, egin ditzake 500 alokairuko etxebizitza? Ez dut uste". Alkatea haratago ere joan zen: galdetu zuen ba al dagoen EAJk gobernatzen duen eta babestutako hainbeste modalitatetako etxeak dituen herririk. "Etxebizitzaren arloan mugitzen garenik ezin zaigu uka, ezin da esan eskuak gurutzatuta gaudela".
Aldaik Amueko eremuaz esandakoari ere erantzun zion Alkortak, eremu horren jabearekin harremanetan eta proiektuaren gainean daudela adierazita. "Gune horren deskontaminatzeari buruzko dokumentu bat aurkeztu behar du lurren jabeak Eusko Jaurlaritzan, Hirigintza batzordean azaldu genuen gisan, eta prozesua judizializatuta dago, udalaren kontrako errekurtso bat sartu zutelako. Udalak ere sartu du helegite bat, eta hemendik hilabetera edo denbora gutxira ikusiko da Azpeitiko Udalak arrazoia zuela; dena den, epaiaren zain egon beharko dugu". Etxebizitzaren arloan, askotan eraiki beharreko etxeez hitz egiten dela baina etxe hutsen gainean esfortzu berezia egin behar dela uste du Alkortak.
Udaltzaingoaren egiturari lotuta, alkateak esan zuen sekula baino aurrekontu handiagoa izango duela, eta egoitza berria ere aurki izango dela martxan akordarazi zuen. Segurtasunaren gaiaz aspalditxoan asko hitz egiten dela eta, Leire Goenagak hartu zuen hitza atzera, eta esan zuen Azpeitian 24 orduz eskaintzen dela Udaltzaingoaren zerbitzua. "Egia da momentu batzuetan lau pertsona ez direla egoten lanean, baina biko kopurua daukagu gutxiengo gisa jarrita; une batzuetan bi gutxitxo izango dira, eta beste batzuetan lau gehitxo. Indar berezia jarri dugu Udaltzaingoan, eta hori islatuta dago aurrekontuetan.
Gainera, Orkestra institutuak egin du ikerketa bat, eta delituen indizeari dagokionez, Azpeitia eskualdekoaren, Gipuzkoakoaren eta EAEkoaren oso-oso azpitik dago". Goenagaren ustez, segurtasunaren gaiarekin batzuetan "alarma" sortu nahi izaten da, nahiz eta begiak itxita ibiltzerik ez dagoela aitortu zuen. "Egunero irakurtzen ditugu Udaltzaingoaren parteak, gertatzen diren gauzen kontziente gara, zer hobetu daitekeen edo zertan lagundu dezakegun aztertzen dugu, baina batzuetan ematen du herritarrak babesik gabe daudela, eta datuek ez diote hori".
"Konfiantza falta"
Jabier Altuna EAJren bozeramaileak ere hartu zuen hitza eztabaidaren erdian, eta argi utzi zuen abstenitu egingo zirela, ez zutela aurka bozkatuko. Segurtasunaren arloan jendeak zer pertzepzio daukan kontuan hartu behar dela esan zuen, pertzepzio hori "den bezalakoa" delako. "Beste herri batzuetan baino hobeto gaudela Azpeitian segurtasunaren arloan, bai, baina Udaltzaingoaz ari garenean ez gara soilik horretaz ari. Adibidez, Oñatzen txahal batek ihes egiten badu, bi udaltzain joaten dira hara, eta herrian ez da batere gelditzen. Ez dira, ordea, kasu puntualak; zoritxarrez, puntualak baino gehiago izaten dira".
Altunak esan zuenez, aurrekontuen gaiarekin ez dute demagogiarik egin nahi izan eta ez dituzte aurrekontuak deskalifikatu: "Postura eraikitzailea izango genuela esan genuen, eta egin ditugu proposamenak. Kontuan izan dituzue, ahalegina egin duzue, eta ezin diegu aurrekontuei ezetz esan, baina gauza batzuetan berandu datoz inbertsioak. Guk lehengo urtean egin genituen proposamen batzuk, eta aurten hartu dituzue kontuan. Gauza onak dituztela datorren urteko aurrekontuek? Bai, baina hutsuneak eta gabeziak ere bai".
Hark EH Bilduren politikekiko konfiantza falta dutela ere esan zuen, atzera Santutxoko babestutako etxebizitzen gaia mahai gaineratuta. Gainera, hark gogorarazi zuen, EAJk Sierben komentua erostea duela bi urte proposatu zuela, eta orduan ezezkoa jaso bazuten ere, EH Bilduren udal gobernuak eraikin hori erosi egin duela. "Gauzak egin egin behar dira, bai, baina koherentziarekin, eta koherentzia falta ikusten dugu", gaineratu zuen, abstenitu egingo zirela berretsita.
Beste bi puntu
Aurrekontuak onartuta, Azpeitiko Udalaren lanpostu zerrendako aldaketak ere izan zituzten hizpide atzoko bilkuran. Hezkuntza eta euskara teknikarien postuak udal lanpostuen zerrendara batzeko erabakia hartu zuen atzo udalbatzak, EH Bilduren aldeko bozekin eta EAJren abstentzioarekin.
Bestalde, EUDELek proposatutako udal langileen soldata igoerak ere onartu zituzten aho batez.