Enegarrenez, Udaltzaingoaren inguruan EAJk egindako eskaerek ika-mika sortu zuten joan den urtarrilaren 13ko udalbatzarrean. Eta, ika-mika hartan esandakoen haria luzatuz, Esan sindikatuak oharra plazaratu du gaur, Nagore Alkortak udalbatzarrean esandakoei erantzunez eta hainbat eskaera mahai gainean jarriz.
Azken udalbatzarrean, Udaltzaingoa indartzeko hartutako konpromisoa ez dela betetzen ari leporatu zion Jabier Altuna EAJren bozeramaileak udal gobernuari, eta horren adibide gisa azaldu zuen Urtezahar gauean bi udaltzain aritu zirela lanean, lau aritu beharrean. Jeltzaleari erantzunez, txanda bakoitzean lau udaltzainek lan egiteko udala inoiz baino baliabide gehiago bideratzen ari dela esan zuen Alkortak, eta txandako kopuru hori betetzen ez denetan, ez dela udalak hala erabakitzen duelako izaten, bajen eraginez baizik. "Ez dago gure esku lan absentismoa kudeatzea", adierazi zuen alkateak.
Hitz horien haritik, Alkortaren eta udalaren azalpenak "gezurtatu", eta esandakoak "jendaurrean zuzentzea" eskatu diote alkateari polizia sindikatukoek, beste hainbat eskaera egiteko eta Azpeitiko Udaltzaingoaren "langile defizita" eta "'prekarietatea" salatzeko baliatu duten oharrean. Esanen arabera, "langile faltaren egiturazko arazoa da" udalak txanda bakoitzerako ezarritako polizia kopurua ez betetzearen arrazoia, eta ez langileen "absentismoa". Sindikatuarentzat, alkateak udalbatzarrean esandakoak "udaltzainen ohorearen kontra" egiten du: "Egia ez adierazteak, dohainik, daturik eman gabe, udal langileen ohorearen aurka egiten du".
Kopuruak, egitura eta funtzioak
Udaltzain gutxiegi ditu Azpeitiak, eta ondorioz, Udaltzaingoak ezin du egoki bete dagokion funtzioa, hori da Esanek dioena. Gipuzkoako 10.000 eta 25.000 biztanle arteko udalerrietako batez besteko polizia ratioa lortzeko zazpi-zortzi udaltzain gehiago beharko lituzke Azpeitiak, sindikatuaren arabera; Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratutako udalen lanpostuen zerrendak aipatu ditu iturri gisa, datu hori emateko. Udaltzaingoak "paperean bakarrik" gauza daitekeen lan egutegia duela dio Esanek; eta opor egun zein baimen, "gehienak ez dira ordezten", sindikatuaren arabera.
"Udalak ez du kontuan hartzen errealitate hori: plantilla ez dator bat udalerriaren biztanle kopuruarekin eta neurriekin, ezta Udaltzaingoaren egiturarekin eta funtzioekin ere", dio Esanek, eta horrek "ondorio larriak eta jasanezinak" dtuela gaineratu du, ondorio horietako batzuk zerrendatuz. "Bi agenteren gutxieneko zerbitzua, patruila bakarra, ohiko bihurtu da", diote, eta horrek zerbitzua egoki ematen ez diela uzten azaldu dute. "Larrialdi abisuei erantzuteko denborak 20 minututik gorakoak izan daitezkeela" nabarmenduta, luzapen horrek "bereziki kalteberak" diren pertsonen arretari nola eragiten dion azpimarratu du Esanek. Besteak beste, "indarkeria matxistaren biktimen birbiktimizazioa" eragiten du Esanen esanetan dagoen udaltzain gabeziak, Udaltzaingoak ezin duelako uneroro arreta espezializatua eskaini; "kasurik onenean, urtean 8.760 ordutik 1.500 orduko arreta eskaintzen da", sindikatuaren arabera. "Delituen biktimei laguntzeko zerbitzuaren prekaritatea" da beste ondorio bat: Esanek azaldu duenez, "salaketa gehienek artxibatuta amaitzen dute, gutxieneko eginbiderik gabe, ez baitago kasu horiek jaso, ikertu eta behar bezala izapidetuko dituen unitate espezializaturik". Ondorioen zerrenda osatzeko, udaltzainek lana eta familia betebeharrak uztartzeko dituzten zailtasunak aipatu ditu Esanek.
Udaltzaingoaren zailtasunen aurrean, alkateari esandakoak zuzentzea eskatzeaz gain, "zerbitzuari eusten diotenekin eta une kritikoetan zerbitzuaren mende daudenekin konpromisoa" galdegin dio Esanek Azpeitiko Udalari, eta konpromiso hori bi ekintza zehatzekin erakustea eskatu diote erakundeari: lantaldea indartzeko erantzukizuna bere gain hartzea, "kalitatezko zerbitzu publiko duina eta eraginkorra bermatzeko"; eta tratu txar kasuetan babes zerbitzua integratuko duen atestatu eta ikerketa espezializatutako unitate bat sortzea, uneoro "biktima guztiei eraginkortasunez arreta" emateko.