Udal eta foru hauteskundeak 2027

Getariako EH Bilduk Eneko Miralles proposatu du datozen udal bozetarako alkategai

Intza Trula

Eneko Miralles, EH Bilduren alkategaia datozen udal hauteskundeetarako. (Getariako EH Bildu)

Azken legealdi honetan Getariako Udaleko Ogasun zinegotzia izan da Miralles, eta EH Bilduren esanetan, esperientzia hori "funtsezkoa" izango da "lanari jarraipena emateko eta herritarren beharrizanei erantzuteko". Koalizioak gaur arratsaldean egindako herri batzarrean eman du berria. 

Getariako EH Bilduk pasa den astean jakinarazi zuen Haritz Alberdi ez zela udal hauteskundeetara aurkeztuko, eta gaur arratsaldean egindako herri batzarrean aurkeztu du haren ordezkoa: Eneko Miralles izango da datozen udal bozetan Getariako EH Bilduren alkategaia, hain justu ere.

Miralles Getariako Udaleko Ogasun zinegotzia izan da azken legealdi honetan. EH Bilduk dio ardura horri esker Getariako Udalaren funtzionamendua eta azken urteotan garatzen ari den lana "gertutik" ezagutzen dituela, "baita herriak datozen urteetan aurrean izango dituen erronkak ere". Alegia, koalizioaren iritziz, Mirallesek azken urteetan jasotako eskarmentua "funtsezkoa" izango da "lanari jarraipena emateko eta herriaren beharrizanei erantzuten jarraitzeko".

Gainera, EH Bilduren esanetan, Getariarekin "lotura estua" du hautagaiak, herriko bizitza sozialean parte hartze "luzea" baitu: esaterako, Getariako Musika Bandako kidea da duela hogei urte baino gehiagotik, eta Urritza Gazte Elkartean ere aritu zen bost bat urtez.

Halaber, EH Bilduk azaldu du "prestakuntza akademiko zabala" duela Mirallesek: Zuzenbideko Gradua, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua eta Abokatutzako Unibertsitate Masterra ditu, hain justu ere. Ikasketa horiei lotuta, lan esperientzia du sektore pribatuan zein administrazio publikoan. Sektore pribatuan, urtebetez aritu zen abokatu bulego batean, lan zuzenbideko arloan; sektore publikoan, berriz, sei urte baino gehiagoko esperientzia du teknikari bezala. Azken hiru urteetan Ondarroako Udalean aritu da Giza Baliabide eta Antolaketa teknikari bezala, eta bertan lanean jarraitzen du gaur egun.

Koalizioak herri batzarrean azaldu duenez, Herriko Mahaiak proposatu zuen Miralles kargu horretarako, eta herri batzarrera bertaratutakoek "begi onez" ikusi dute erabakia. Era horretan, hautagaitza urtarrilean ofizial egitea aurreikusi du taldeak.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide