Haritz Alberdi ez da Getariako EH Bilduren alkategaia izango datorren hauteskundeetan

Intza Trula

Haritz Alberdi Getariako alkatea. (Onintza Lete Arrieta)

Sare sozialen bitartez jakinarazi du Alberdik hartutako erabakia, eta herritarrak agurtu ditu gutunaren bitartez. Besteak beste, Getariako alkate izatea "ohore handia" izan dela azpimarratu du, eta aitortu du egindakorekin "lasai" doala. Bi agintaldi osatuta utziko du kargua.

Haritz Alberdi ez da Getariako EH Bilduren alkategai aurkeztuko datorren hauteskundeetan. Egungo alkateak orain gutxi jakinarazi du hartutako erabakia, sare sozialetan publikatutako gutun baten bitartez. Era berean, herritarrak agurtzeko eta eskerrak emateko ere baliatu ditu lerro horiek.

Alberdik 2019. urtean hartu zuen lehen aldiz Getariako alkate kargua, eta bi agintaldi jarraian osatu ditu. Hori horrela izanik, zortzi urteko jardunaren ostean utziko du lekua.

Horrez gain, Getariako EH Bilduk herri batzarra deitu du hilaren 29rako. 18:00etan hasiko da, Zarautz Jauregian, eta bertan 2027ko udal hauteskundeez hitz egiteaz gainera, EH Bilduren mahai politikoak alkategai izateko proposaturiko hautagaien berri emango dute.

Hala, honakoa da Alberdik herritarrak agurtzeko idatzitako gutuna:

"Getariako EH Bildu 2027ko udal hauteskundeetarako alkategaia aukeratzeko prozesua martxan jartzera doan honetan, zuengana zuzendu eta nire erabakiaren berri emateko unea dela sentitu dut.

Behin, Uruguaiko presidente ohi Pepe Mujicari entzun nion esaldi batekin hasi nahi nuke, gogoan iltzatuta geratu baitzitzaidan: "Los mejores dirigentes son los que dejan una barda que los supera con ventaja".

Eta gaur, poz handiz esan dezaket Getariako EH Bilduk baduela ni baino urrunago joateko gai den belaunaldi berri bat, herriari indar berria emango diona eta etorkizuna kolorez marrazten segituko duena. Horregatik, datorren urteko udal hauteskundeetan ez naiz Getariako EH Bilduren alkategaia izango.

Ia zortzi urte dira Getariako alkate izateko ardura hartu nuenetik. Ia zortzi urte, eta bihotz-bihotzez esan dezaket ohore handia izan dela, plazer handi bat.

Urte hauetan guztietan, herriaren alde lan egiteko aukera eman didazue, eta hori beti eramango dut nirekin. Alkate izatea bizipen eta esperientzia oso aberasgarria izan da niretzat. Asko ikasi dut, jende asko ezagutu dut, eta, batez ere, Getaria beste modu batean ezagutzeko aukera izan dut: kalez kale, auzoz auzo, eta herritarrekin batera, zuekin batera.

Zinez, ahalegin zintzoa egin dut getariar guztion alkate izateko. Ez da beti erraza izan, eta ziur ez dudala beti asmatu, baina une oro saiatu naiz herriaren interes orokorra lehenesten eta erabakiak zintzotasunez hartzen.

Bidean gauza asko egin ditugu. Askotariko egitasmoak aurrera atera ditugu, Getariak behar zituen eta behar dituen proiektuak bultzatuz. Batzuk ikusi egiten dira, beste batzuk ez hainbeste; badira azkar gauzatu direnak, eta baita urteetako lana eskatu dutenak ere. Baina guztietan helburu bera izan da: Getariak aurrera egitea eta herritarren bizitza hobetzea.

Orain, beste garai bati heltzea dagokit, eta horrelaxe bizi dut. Ez dut tristuraz egiten, indarrez eta bizipozez baizik. Badakit lekukoa ematea ez dela atzera egitea, guztiz kontrakoa: egindako bidea konfiantzaz hartu, eta datorrenari lekua egitea da.

Horregatik, lasai noa. Getaria arnasberritu dezakeen belaunaldi berri bat datorrelako. Herria ez delako pertsona baten neurrikoa, ezta alkate baten neurrikoa ere. Herriak bere bidea egiten jarraitu behar du, eta nik sinesten dut datorrenak Getaria are urrunago eraman dezakeela.

Baina oraindik badugu bidea egiteko. Alkate gisa geratzen zaizkidan zortzi hilabeteetan lanean jarraituko dut, orain arte bezala, hartutako konpromisoak betetzen, eta Getariaren alde daukadan guztia ematen.

Eta noski, aurrerantzean ere Getariarekin eta Getariaren alde lanean jarraituko dut, EH Bilduk eskatzen didan lekuan, eta dagokidan tokian.

Ia zortzi urte hauetan nirekin egon zareten guztioi, nirekin lan egin duzuenoi, proposamenak egin dizkidazuenoi, kritikatu nauzuenoi eta bidean lagundu didazuen guztioi: eskerrik asko!

Lekukoa emateko unea iritsi da. Eta pozik egingo dut, badakidalako esku onetan geratuko dela".

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide