Salbatore jaietako lehiaketetan izena emateko aukera zabaldu dute

Aritz Mutiozabal 2026ko uztailaren 15a

Salbatoreetako lehenengo izozki tailerra (Getariako Udala)

Marmitako lehiaketan eta batel estropada herrikoian irekita daude inskripzioak. Gaztetxoei zuzendutako patata tortilla txapelketa eta izozki tailerra, berriz, uztailaren 20tik 28ra izango da.

Getariako salbatoreak abuztuaren hasieran ospatuko dituzte herritarrek, hilaren 5etik 9ra, eta dagoeneko hasi dira jai egunetako ekitaldi guztiak pixkanaka-pixkanaka prestatzen. Horrekin batera, Getariako Udalak iragarri ditu egunez egun izango diren jardueretan –marmitako lehiaketan, batel estropada herrikoian, izozki tailerrean eta patata tortilla txapelketan– parte hartzeko izen-emate epeak.

XXVIII. Marmitako Lehiaketa festen azken egunean egingo dute, abuztuaren 9an, eta izen-ematea atzo zabaldu zuten; gaur zortzi amaituko da horretarako aukera, uztailaren 22an. Interesdunek udaletxera jo beharko dute inskripzio egitera, eta ondoren, hilaren 23an, zozketa bidez erabakiko da zein taldek parte hartuko duten lehian, izan ere, gehienez 38 parte hartzaile onartuko dituzte.

Egun bat lehenago, abuztuaren 8an, batel estropada herrikoia jokatuko dute eta gazteen arteko XII. patata tortilla txapelketa. Estropadetan parte hartzeko gutxieneko adina 12 urtekoa da, eta izena turismo bulegoan eman behar da, uztailaren 31 bitartean. Patata tortilla lehiaketarako izen-emate epea uztailaren 20tik 28ra izango da, turismo bulegoan bertan ere.

Era berean, gaztetxoen arteko II. izozki tailerra egingo dute abuztuaren 5ean, eta ekintza hau LH4, LH5, LH6 eta DBH1 mailakoei zuzenduta egongo da. Interesa dutenek uztailaren 20tik 28ra eman ahalko dute izena turismo bulegoan.

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide