Salbatore jaietako marmitako lehiaketan izena emateko epea zabalduko dute asteartean

Julene Sorarrain 2026ko uztailaren 11

Salbatore jaietako marmitako txapelketa. (Artxibokoa)

Abuztuaren 9an jokatuko dute txapelketa gastronomikoa, eta bertan parte hartzeko interesa duten herritarrek, uztailaren 14tik 22ra bitartean izango dute horretarako aukera.

Getariako Salbatore jaiak ospatuko dituzte abuztuaren 5etik 9ra bitartean, eta egitarauaren barruan, XXVIII. Marmitako Lehiaketa antolatu dute. Festetako azken egunean jokatuko dute txapelketa, igandearekin.

Hala, lehiaketan parte hartu nahi dutenek, horretarako aukera izango dute hilaren 14tik 22ra bitartean. Interesdunek, hain zuzen, udaletxera jo beharko dute izena ematera. Taldeak bi sukaldariz osatuta egongo dira, eta bietako batek getariarra izan beharko du. Ondoren, hilaren 23an, zozketa bidez erabakiko da zein taldek parte hartuko duten lehian, izan ere, gehienez 38 parte hartzaile onartuko dituzte.

Iazko sarituak, berriz, zuzenean sartuko dira zozketatik igaro gabe, betiere iazko bikote bera badira, eta izena emateko epearen barruan apuntatu badira. Zozketa egin eta hurrengo egunetan, lehiaketan parte hartuko dutenek ahalik eta zehatzen baieztatu beharko dute zenbat pertsona izango diren bazkaltzen. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide