Ez zen giro izan atzo Getarian, Antxoa Eguneko ekitaldiekin. Goizean ekitaldi formala eta omenaldiak egin zituzten Cristobal Balentziaga museoan. Arratsaldean, berriz, antxoa dastatzeko aukera izan zen Getariako frontoian. Jendetza bildu zen pilotalekuan, getariarrak bai, baina jende kopuru handiena Euskal Herri osotik bertaratutakoa.
Atzo arratsaldean Getarian bildutako munduaren adibidea da txartelak eskuratzeko ilara Berdura plazatik autobusen geralekura arte heltzen zela. Bitartean, antxoak erretzeari ekin zioten atzo lanean aritu ziren herritarrak. Sabel festaren aurretik, giroa jartzen Musika Eskolako trikitilariak eta Gure Txeru elkarteko dantza taldeak aritu ziren. Han ere jende kopuru handia elkartu zen, eta ez zen erraza izan tarte bat aurkitzea haurren dantzak ikusteko.
19:00etan hasi ziren antxoa banatzen. Gauza bat arrain platerka bat eskuratzea izan zen, bestea antxoa lasai dastatu ahal izateko lekua aurkitzea. Hainbeste jende elkartu zen atzo Getarian, parrilletan lanean zebiltzan lagunek apenas izan zutela denborarik atseden hartzeko. Iluntzea ondo sartuta zegoen arte jarraitu zuen jai giroak herrian.
Antxoa eguneko ekitaldiek gaur eta bihar jarraituko dute, honako egitarauarekin.
Maiatzak 2, larunbata
- Goizean, Kofradia-Itsas Etxearen eskutik, Izan arrantzale egitasmoa, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Doako jarduera izango da.
- 10:00. Itsas eskulanak.
- 11:30. Itsas esperimentuak.
- 12:30-14:00. Arrantza tailerra.
- 10:00-14:00. Getariako saregileen lan erakusketa.
- 12:00. Kaleak girotzen, Deiadar txaranga.
- 17:00. Euskal Mitologia haur jokoak, frontoian (giro txarra egingo balu, udaletxe azpian eta Berdura plazan).
- 18:00. Emakumezkoen eta gizonezkoen zesta punta partida profesionalak, Sahatsaga kiroldegian. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai, 20 euroan.
Maiatzak 3, igandea
- 10:45. Arrantzaleen meza Getariako Abesbatzak abestuta.
- Ondoren, Itsas Bedeinkapena, Artzapen.
- Jarraian, arrantzale zaharrei omenaldia.
- 11:00. Gipuzkoako Trainerillen ligako 4. jardunaldia, XIV. Antxua Eguna bandera.
- 18:00. Herri kirol jaialdia frontoian. Giro txarra egingo balu, Kiroldegian.