Antxoaren Eguneko ospakizunei ekingo diete gaur Getarian, eta urteroko legez, Zilarrezko Antxoaren aipamenak eginez hasi dute eguna, Balentziaga museoan egindako ekitaldian. Guztira hiru aipamen berezi egin dituzte aurten.
Lehenik eta behin, Elkano arrantzaleen kofradiako lehendakari Emeterio Urrestik flota mantentzeko "funtsezkoak" diren hiru enpresei eman dizkie sariak: Orioko Arostegi eta Zumaiako Aizpuru eta Kemen enpresei, hain justu. Ekitaldian itsasoaren etorkizuna ere izan dute gogoan. Horretarako, Norberto Emazabel Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko presidenteak saria eman dio Josu Santiago Azti ikerketa zentroko zientzialariari.
Hirugarren eta azken aipamena aurten 50 urte beteko dituen Getariako Arraun Elkarteari egin zaio. Saria emateko ardura izan du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, eta aitortza jasotzera igo dira, hain justu, Xabier Goikoetxea arraun elkarteko lehendakaria eta Joxe Manuel Gorostiaga zuzendaritzako kidea. Bideoak Goikoetxearen hitzak jasotzen ditu.