Antxoaren Eguneko ospakizunei ekingo diete gaur Getarian, eta urteroko legez, Zilarrezko Antxoaren aipamenak eginez hasi dute eguna, Balentziaga museoan egindako ekitaldian. Haritz Alberdi Getariako alkateak izan du hitzorduari hasiera emateko ardura. "Gaur aitortza jasoko duten pertsonak eta elkarteak zoriondu nahiko nituzke, besteak beste, gure itsas munduaren ispiluetako bat direlako: aktibitate ekonomikoarena, aisiarena, industriarena, kirolarena eta nola ez, ezagutzarena".
Guztira hiru aipamen berezi egin dituzte aurten. Lehenik eta behin, Elkano arrantzaleen kofradiako lehendakari Emeterio Urrestik flota mantentzeko "funtsezkoak" diren hiru enpresei eman dizkie sariak: Orioko Arostegi eta Zumaiako Aizpuru eta Kemen enpresei, hain justu. Aitortza horren bitartez, arrantzaren arrakasta lehorretik ontzien funtzionamendu egokia ziurtatzen dutenen mende ere badagoela gogorarazi dute.
Aitortza jasotzera igo dira Joakin eta Iker Lertxundi Kemen tailerreko aita-semeak, Aritz Arostegi Orioko tailerreko arduraduna, eta Javier eta Agustin Aizpuru anaiak. Hiru lantokietako ordezkariek poz handiz jaso dituzte sariak, eta belaunaldiz belaunaldi egindako ogibidearen transmisioaren garrantzia nabarmendu dute.
Ekitaldian itsasoaren etorkizuna ere izan dute gogoan. Horretarako, Norberto Emazabel Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko presidenteak saria eman dio Josu Santiago Azti ikerketa zentroko zientzialariari, "ikerketea zientifikoko taldeek arrantza kudeaketa iraunkorra eta optimoa bermatzeko egindako lana" azpimarratuz. Santiagok esker handiz hartu du saria, eta aitortzak haren ibilbide profresional luzeari merezitako itxiera emateko balio izan duela kontatu du.
Hirugarren eta azken aipamena aurten 50 urte beteko dituen Getariako Arraun Elkarteari egin zaio. Saria emateko ardura izan du Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, eta aitortza jasotzera igo dira, hain justu, Xabier Goikoetxea arraun elkarteko lehendakaria eta Joxe Manuel Gorostiaga zuzendaritzako kidea. Mende erdian zehar egindako lana "oso handia" izan dela goraipatu du Barredok, esanez ez dela "soilik kirol ibilbide bat" izan, "herriaren bizitzan, identitatean eta egunerokoan eragin zuzena izan duen ibilbidea" baizik.
Goikoetxeak hunkituta hartu du hitza ondoren. "Zilarrezko Antxoa jasotzearen ohorea niri tokatu zait, baino ezin ditut ahaztu 50 urteko ibilbidean zehar elkarteko kide izan diren guztiak".
Arraun elkarteari egindako aipamenaren ostean, Salbatore Abesbatzak Arraunlarien ereserkia eskaini die omenduei, eta ondoren, saritu guztiei aurreskua dantzatu diete.
Berdelarekin "kezka", antxoarekin "gustura"
Gaur goizean, Antxoa Eguneko egitarauari ekin baino lehen, antxoaren kosterari buruzko datuak eman dituzte Kofradian. Hain zuzen ere, Amaia Barredok berdel eta antxoa kosteren datu eguneratuak aurkeztu ditu, kuoten murrizketa handiak eta "bereziki konplexua" izan den berdel kanpainaren inguruan.
Barredok azaldu duenez, aurten berdelaren estatuko kuota 26,1 milioi kilotik 15,4 milioira jaitsi da, hau da, %41 inguruko murrizketa izan du. Kostera honen bilakaera "espeziearen eskuragarritasun txikiak" baldintzatu duela argudiatu du, apirilaren amaieran Kantauri osoko harrapaketak 5,9 milioi kilo ingurura iritsi direla gaineratuz, hau da, kuotaren %39 inguru.
Dena den, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lonjetan ia 4,9 milioi kilo lurreratu direla nabarmendu du sailburuak, hau da, "estatu mailako harrapaketa gehienak", kilo bakoitzeko 3,96 euroko batez besteko prezioarekin.
Hala eta guztiz ere, euskal ontzien harrapaketak 2,5 milioi kilotan kokatu dira, iazko 5,7 milioien aldean, "kanpainaren zailtasuna islatzen duen jaitsiera nabarmena" agerian utziz. Izan ere, tamaina txikiagoko artisau ontziek "jarduera normaltasunez garatzeko zailtasun handiak" izan dituztela azpimarratu dute aurkezpenean.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Ministerioarekin lankidetzan bultzatutako kudeaketak "arrantza kudeatzeko malgutasun mekanismoak aktibatzea" ahalbidetu du. "Horri esker, berdelaren flotaren zati batek erabili ez dituen kuotak beste segmentu batzuetara transferitu ahal izan dira", azaldu du Barredok.
Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko presidente Norberto Emazabelek, ordea, "keza handia" adierazi du berdelaren egungo egoerarekiko, eta egoera hobetzeko neurriak bilatzeko eskatu dio sailburuari.
Antxoaren kosterari dagokionez, bilakaera "baikorragoa" izan duela kontatu dute. Zehazki, 30,4 milioi kiloko estatuko kuotatik, apirilaren amaieran 12,2 milioi kilo harrapatu dituzte, %42 inguru. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, harrapaketak 4,4 milioi kilora iritsi direla ere nabarmendu dute, euskal ontziei esletitutako kuotaren %51 (8,6 milioi kilo) eta iazko aldi berarekin alderatuta 1,5 milioi kilo inguruko igoerarekin. Batez besteko prezioa, berriz, 1,91 eurokoa da kilo bakoitzeko.
Hala ere, sailburuak gehitu du "beharrezkoa" izango dela maiatzeko bilakaera gertutik jarraitzea kostera osorik ebaluatzeko.