Lehen mailako zesta punta jaialdia, Antxoa Eguna ospatzeko

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 27a

Jai Alai Winter Serieseko desafioaren aurkezpen ekitaldia, gaur goizean Getariako portuan. (Julene Sorarrain)

Ostiralean hasi eta igandera arte, Antxoa Eguneko ospakizunetan murgilduta egongo da Getaria. Antxoa dastaketa, haurrentzako tailerrak eta musika emanaldiak antolatu dituzte, besteak beste, astebururako. Larunbatean, gainera, Jai Alai Winter Serieseko desafioa jokatuko dute Sahatsagan, eta bertaratzeko asmoa dutenek, Turismo Bulegoan eskura ditzakete sarrerak.

Egun gutxi barru hartuko ditu antxoa erre usainak Getariako kaleak, izan ere, asteburu honetan ospatuko dute herriko jai kutuna: Antxoa Eguna. Ostiralean hasi eta igandera arte, adin tarte guztietako herritarrei zuzendutako jarduerak izango dira herriko puntu ezberdinetan, eta noski, Kantauri itsasoko arraina izango da festaren protagonista.

Ospakizunei ekiteko, harrera ekitaldia izango da Balentziaga museoan ostiral eguerdian, eta bertan, XIV. Zilarrezko Antxoaren aipamenak egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, Gure Txeruko dantzarien emanaldiaren ostean, antxoa parrillan prestatuta dastatzeko aukera egongo da plazan, Eingo! taldeak girotuta. Larunbatean, Izan arrantzale egitasmoko tailerrak eskainiko dituzte goizean zehar, portuan bertan. Doako jarduera horiek 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta besteak beste, eskulanak eta esperimentuak egingo dituzte. Gainera, goizean Getariako saregileen erakusketara bertaratzeko aukera ere izango dute herritarrek.

Igandean, Arrantzale Eguna ospatuko dute, eta meza nagusiarekin hasiko dute eguna, 10:45ean, Getariako Abesbatzak abestuta eta Jesus Aldalurren zuzendaritzapean. Ondoren, urteroko legez, Itsas Bedeinkapena egingo dute Artzapen, eta jarraian, arrantzale zaharrei omenaldi berezia eskainiko diete. Igandean izango da kirol eskaintzarik ere. Goizean, Gipuzkoako Trainerilla Ligako laugarren jardunaldia jokatuko dute etxeko uretan. Hain justu, XIV. Antxoa Eguna Bandera izango dute jokoan arraunlariek. Arratsaldean, berriz, herri kirol ikuskizunak emango dio amaiera asteburuari. Aizkoran ariko dira Iker Vicente otsagabiarra (Nafarroa), Ugaitz Mugertza mutrikuarra (Gipuzkoa), Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Mikel Larrañaga azpeitiarra. Ondoren, harri jasotze erakustaldia eskainiko dute Mikel Lopetegi Urra, Maddi Gesalaga eta Ainitze Zumeta zarauztarrek eta Udane Ostolaza oriotarrak.

Zesta punta, estreinakoz

Antxoa Eguna berrikuntza batekin dator aurten. Izan ere, antolatzaileek jakitera eman dutenez, lehen aldiz jokatuko dute herrian zesta puntako jaialdi profesional bat. Hain zuzen ere, Jai Alai Winter Series desafioak Getariaren, arrantzaren eta zesta puntaren arteko lotura hirukoitza izango du ardatz. Larunbat arratsaldean izango dira partidak, 18:00etan hasita, Sahatsaga pilotalekuan, eta sarrerak dagoeneko eskura daitezke Turismo Bulegoan, 20 euroan.

Nolako lotura dute, ordea, zesta puntak eta arrantzak? Bada, Getariako Elkano arrantzaleen kofradiak kontatu duenez, "sarea da ziurrenik" bi mundu horiek elkarbanatzen duten elementu garrantzitsuena. "Arrantzarako batak, babeserako besteak, baina biek erabiltzen dute elementu bera. Getarian bertan, Sahatsaga pilotalekuko sarea Ondarroako [Bizkaia] portutik ekarri berria da, harmailetako jendea pilotaren kolpetik babesteko".

Lehen mailako izarrak

Sarearekin batera, portua da arrantza eta zesta punta lotzen dituen beste elementua. Izan ere, hegazkin bidaiak orokortu aurretik, zestalariek itsasontzian bidaiatzen zuten munduko beste frontoietara. "Milaka euskalduni portu horietan zabaltzen zitzaien mundu berri baterako atea, eskuan xisterak hartuta. Getariako flotan bada gaur egun hainbat urtez munduan zehar pilotan ibili den arrantzale bat: Igor Osa zumaiarra".

Hain zuzen ere, Iñaki Osa Goikoetxea puntista ospetsuaren anai zaharrena da Igor. "Gaztetan, Iñakik aukeratu egin behar izan zuen: zesta punta ala arrantza. Eta frontoiko saski eta sare artean pasatu du bizitza. Getariako portuan bertan bada horma irudi ezagun bat, non sei emakume saregile agertzen diren. Horietako bat Osa anaien amona da, hain justu. Horrez gain, Imanol Lopez pilotari zumaiar erretiratu berriak ere harreman handia du gaur egun Getariarekin, gastronomia arloko proiektuak tarteko", azaldu dute kofradiako kideek.

Hala, egun berezi horretarako, maila handiko pilotariak ekarriko dituzte Sahatsagara. Emakumeetan, Elaia Gogenola gaur egungo Jai Alai ligako txapelduna eta Urrezko Gerrikoaren jabea izango da Frida Watkins atzelari zumaiarrarekin batera, eta bikote horrek Helena Barrenetxearen eta Eneritz Lizardiren aurka jokatuko du. Gizonezkoetan, Aritz Erkiaga Ispasterko (Bizkaia) "artista handia" izango da lehen aldiz Getarian. Unai Lekerika lagun hartuta, Jean-Dominique Olharan eta Thibault Basque, Winter Serieseko egungo txapelduna, izango dituzte aurkari. Arratsaldea biribiltzeko, Xabier Aranburu eta Ander Subijana getariarrek ere zesta puntako erakustaldi bat egingo dute, eta ondoren, omenaldia jasoko dute.

Egitaraua

Maiatzak 1, ostirala

  • 12:30. XIV. Zilarrezko Antxoaren aipamenak, Balentziaga Museoan.
  • 18:30. Musika Eskolako trikitilariak eta Gure Txeru elkarteko dantza taldearen emanaldia.
  • 19:00-21:00. Antxoa dastaketa frontoian, Eingo! taldeak girotuta.

Maiatzak 2, larunbata

  • Goizean, Kofradia-Itsas Etxearen eskutik, Izan arrantzale egitasmoa, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat. Doako jarduera izango da.
    • 10:00. Itsas eskulanak.
    • 11:30. Itsas esperimentuak.
    • 12:30-14:00. Arrantza tailerra.
  • 10:00-14:00. Getariako saregileen lan erakusketa.
  • 12:00. Kaleak girotzen, Deiadar txaranga.
  • 17:00. Euskal Mitologia haur jokoak, frontoian (giro txarra egingo balu, udaletxe azpian eta Berdura plazan).
  • 18:00. Emakumezkoen eta gizonezkoen zesta punta partida profesionalak, Sahatsaga kiroldegian. Sarrerak Turismo Bulegoan daude salgai, 20 euroan.

Maiatzak 3, igandea: Arrantzale Eguna

  • 10:45. Arrantzaleen Meza, Getariako abesbatzak abestuta. Zuzendaria: Jesus Aldalur.
  • Ondoren, Itsas Bedeinkapena, Artzapen.
  • Jarraian, arrantzale zaharrei omenaldia.
  • 11:00. Gipuzkoako Trainerillen Ligako laugarren jardunaldia, XIV. Antxoa Eguna Bandera.
  • 18:00. Herri Kirol jaialdia, frontoian (giro txarra egingo balu, kiroldegian).
    • Aizkolariak: Iker Vicente, Ugaitz Mugerza, Julen Alberdi Txikia eta Mikel Larrañaga.
    • Harri jasotzaileak: Mikel Lopetegi Urra, Maddi Gesalaga, Ainitze Zumeta eta Udane Ostolaza.
  • Bitartean, kaleak girotzen Irulitxa txaranga.

Maiatzak 6, asteazkena

  • 09:00-12:30. Izan arrantzale tailerra, Getariako Iturzaeta herri eskolako haurrentzat. Kofradia-Itsas Etxearen eskutik.

Maiatzak 9, larunbata

  • 11:00. Antxoa Eguneko VIII. Bela Estropada.
  • 19:00. Zaria Koru Eskola, San Salbatore elizan.

Maiatzak 10, igandea

  • 12:30. Getariako Musika Bandaren kontzertua, San Salbatore elizan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide