Urtean zehar egindako lana ospatuta amaitu du arraun denboraldia Getariak. Esperantzako gizonek herritarren eta udalaren harrera jaso zuten atzo arratsaldean herriko plazan, ondo merezitako harrera; izan ere, denboraldia hasterako izan zituzten zailtasunak gaindituta, lehiakor aritu dira astez aste, eta seigarren bukatu dute sailkapenean. Orain, deskantsurako unea iritsi zaie.
Ion Larrañaga entrenatzaileak aitortu du "oso nekatuta" amaitu dutela denboraldia, baina egindako lanarekin oso-oso pozik agertu da. Denboraldian zehar askotariko balorazioak egin dituela dio, entrenatzaile gisa zein arraunlari gisa, baina taldeaz harro dago. Uste du "objektiboki lan oso ona" egin duela taldeak. Hedabideek esan dituzten zenbait gauza gezurtatu ditu Larrañagak, eta aurreratu du datorren urtera begira ez dela aldaketa drastikorik izango. Xabier Goikoetxea presidenteak ere "denboraldia ikaragarria" izan dela nabarmendu du, "inon idatzi gabeko eta imajinatu gabeko" denboraldia. "Arraunlariek urte osoan erakutsi duten lehiarako goseak, taldearekiko konpromisoak eta laguntasunak eraman du taldea horrelako denboraldia egitera", adierazi du Goikoetxeak.
(Argazkiak: Juan Luis Romatet)