Lurraldebusek autobus zerbitzua indartuko du Kontxako estropadara begira, bereziki, Getariako zaletuen Donostiarako joan-etorria erraztu asmoz. Izan ere, eskualdeko kostaldeko beste herriek ez bezala –hauek trena ere badute–, getariarrek autobusa dute garraio publikoko aukera bakarra.
Datozen bi igandetan jokatuko dituzte Donostian Kontxarako banderako estropadak. Aurretik, asteazkenean eta ostegunean, sailkatze estropadak jokatuko dituzte Donostian: emakumeena asteazkenean eta gizonena ostegunean.
Lurraldebusek osteguneko sailkatze estropadara eta datozen bi igandetako arraun saioetarako indartuko du zerbitzua. Etzi, ostegunez, Zumaia-Donostia lineatan, 16:00etako (UK10) eta 16:30eko (UK11) zerbitzuetarako autobus estrak jarriko ditu. Itzulerako busak 19:30ean (UK11) eta 21:00etan (UK10) izango dira.
Datozen bi igandetan, berriz, irailaren 7an eta 14ean, Getariatik Donostiarako autobusak izango dira goizeko 9:00etan eta 10:30ean. Autobus hauek Oriora joango dira eta han sartuko dira AP-8 autobidean, Donostiara Antiguatik sartzeko.