Getariako Salbatore jaiak

Sare konpontzaileen eskutik, lehertu da festa Getarian

Onintza Lete Arrieta eta Urtzi Oteiza 2025ko abu. 6a, 11:37

Plaza bete jenderekin egin zuten atzo gauerdian salbatoreetako bandera igotzea txalo eta oihu artean. Haritz Alberdi alkateak nabarmendu zuen herriak "zor historikoa" zuela sare konpontzaileekin, eta horiek, berriz, eskerrak eman zizkioten herriari, eta gogoan izan zituzten saregile guztiak.

Plaza bete jende elkartu zen atzo gauerdian Getarian, Salbatore jaien hasierako txupinazoa eta bandera igotzea ikusteko. Herriko saregileek izan zuten ohore hori. Haritz Alberdi alkateak hartu zuen hitza aurrena, eta Palestinako genozidioa gelditzeko eta Palestina askatzeko eskatu ondoren, sare konpontzaileei zuzendu zitzaien. Esan zuen herriak zor historikoa zuela haiekin, eta arrantzaren sektorean nahiz zaintza arloan egindako lana azpimarratu zuen.

Hiruzpalau sare konpontzaile atera ziren atzo udaletxeko balkoira, eta batek hitz egin zuen taldekideen izenean. Esker oneko hitzak izan zituen herriarentzat, eta sare konpontzaile guztiak izan zituen gogoan.

Herriko ereserkia elkarrekin abestuz igo zituzten banderak, ohi bezala, herriko musika bandak eta abesbatzak lagunduta.

Eguneko hirugarren txupinazoa izan zen atzo gauerdikoa, goizean haurrek eta gazteek bota baitzituzten suziriak beren egunean; Haurren eta Gazteen Egunarekin hasi ziren, izan ere, salbatoreak atzo goizean.

Honakoa da Salbatore festetako egitaraua:

Gaur, asteazkena, Salbatore Deunaren Eguna

  • 07:00. Gaupaseroen argazkia, Malkorben. 
  • 09:30. Getariako Musika Bandaren diana.
  • 11:00. Meza nagusia, Getariako Abesbatzarekin.
  • 12:30. Alkatearen ohorezko aurreskua, udaletxe aurrean.
  • 12:45. Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten.
  • 18:00. Guztiok, Plazara! Pontx pailazoaren ikuskizuna, plazan.
  • 18:30. Eskuz binakako emakumezkoen VII. Salbatore Pilota Txapelketa, finalak, frontoian, Gure Txeruk antolatuta.
  • 19:30. Broken Brothers Brass Band, kalez kale.
  • 23:00. Getariako konpartsa moilatik hasita: Brasilgo inauteriak!
  • Ondoren, txosnagunean musika.

Abuztuak 7, osteguna, Salbatore bigarrena

  • 09:30. Gazte Alaiak txistularien diana.
  • 11:00. XI. Patata Tortilla Lehiaketa (14-18 urte).
  • 12:00. Eusko Label hegaluzea parrillan sagardoa eta garagardoarekin dastatzeko aukera, trikitilari eta Enbilen Pepitak pandero joleen laguntzarekin.
  • 13:00. Patata Tortilla Lehiaketako epaimahaia eta sari banaketa.
  • 13:00. Txikiteo animatua, kalez kale.
  • 17:00. Gure Txeru haur danborrada. Ibilbidea: Balenciaga-Herrerieta-Elkano-Artzape-Txeru aurrea-Plaza.
  • 19:00. Getariako buruhandiak eta Pasaiko erraldoiak kalez kale, plazatik abiatuta.
  • 20:00. Elektrotxorongo elektrotxaranga, Katrapunatik abiatuta.
  • 22:00. Kontzertuak, frontoian: GZR, Chuleria Joder eta Leihotikan.
  • Jarraian, DJ Proyecto X getariarrak, txosnetan.

Abuztuak 8, ostirala, Salbatore hirugarrena

  • Goizean goiz hasita: Eusko Labeldun txahala erretzen hastea, plazan. Arratsaldean pintxoak jan ahal izango dira.
  • 10:00. Bizi Jolas, euskal jolasak eta tailerrak, frontoian eta plazan.
  • 12:30. Bertso saioa, Harritarten:  Maialen Lujanbio, Alaia Martin, Igor Elortza eta Jon Maia. Maite Berriozabal gai-jartzaile lanetan.
  • 13:30. Goitibeheren erakustaldia, plazan.
  • 17:00. XVI. Goitibehera Jaitsiera.
  • Jarraian, amaitzean, goitibeheren sari banaketa, Merkeko plazan.
  • 18:00. Eusko Label txahal haragi pintxoak dastatzeko aukera, plazan.
  • 19:00. Los Tenampas mariatxien kontzertua, frontoian.
  • 21:00. Herri afaria, txosnagunean, Euskal Parrillaren eskutik.
  • Jarraian, mozorro gaua eta mojitoen gaua. Gaia: euskal pertsonaia famatuak.
  • Afariaren ostean, Itzal taldearekin erromeria, txosnagunean.
  • 22:00. Disko Arima, plazan.

Abuztuak 9, larunbata, Kuadrillen Eguna

  • 10:00. Kuadrillen arteko XXVII. Marmitako Lehiaketa.
  • 12:00. Kaiña-Bi trikitilariak, kalez kale.
  • 13:30. Marmitako lehiaketako irabazleen aukeratzea, Berdura plazan.
  • 14:30. Herri bazkaria, Harritarten.
  • Bazkalostean, Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Harritarten.
  • 17:00. Ur jolasak, moilan: Kukaña, Slickline eta Waterline.
  • 17:30. Marmitako lehiaketako sari banaketa.
  • 19:30. Kantujira Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin.
  • 21:00. DJ Davila ibiltaria, kalez kale.
  • 22:30. Suzko zezena, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00. Luhartz taldearekin erromeria, plazan.
  • 00:00. Ikurrinaren jaitsiera Getariako Musika Bandak lagunduta, eta festen amaierako traka.
  • Ondoren, Luhartz plazan.
  • 00:30. DJ Joseba, txosnetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide