Gaur goizean abiatu dituzte getariarrek Salbatore jaiak. Haurren eta Gazteen Eguna da, eta haientzako ekintzak ari dira izaten nagusi herrian: aurrena, Dona Doni izozki dendako Fernando Alberdiren eskutik izozki tailerra egin dute goizean frontoian 105 gaztetxok; ondoren udaletxeko balkoian pregoia irakurri dute eta txupinazoa jaurti dute herriko sei haurrek; eta jarraian, herriko buruhandiak eta Zarauzko erraldoi txikiak ibili dira plazan eta kaleetan barrena.
Bitartean, txosnagunean urteroko paella lehiaketa izan da. Aurten Bista Onan jarri dituzte sukaldatzeko tresnak, eta hogeita bost taldek parte hartu dute nork paella gozoagoa egin. Suziria jaurti dute haiek ere, eta sukaldatutakoa herri bazkarian jan dute, denek elkarrekin. Iaz bezala, aurten ere Libe Goenagak bota du festen hasierako bertsoa.
Festak arratsaldean jarraituko du. Batetik, txosnetan talde argazkia aterako dute, Gazte Egunaren 10. urteurrena ospatzeko. Jarraian, kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte kalez kale, Heriotzaren karrotxarangak lagunduta. IV. Kaña Karrera ere egingo dute Artzapen.
Haurrentzako, berriz, ur parkea antolatu du udalak aurten ere. 15:30ean hasi eta 19:30 arte, uretan bustiz ondo pasatzeko aukera izango dute frontoian, plazan eta Berdura plazan.
Iluntzetik gauerdira arte ere hainbat ekitaldi izango dira. Hona guztiak:
- 19:30. Elektrotxufla elektrotxaranga, Katrapunatik abiatuta.
- 22:00. Kontzertuak txosnagunean: Debrass Band, Bad Sound System, Eztanda.
- 22:30. Suzko zezena, plazan eta frontoi inguruan.
- 23:00. Laket taldearekin erromeria, plazan.
- 00:00. Ikurrinaren goratzea eta txupinazoa, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
- Jarraian, Laket taldearekin erromeria, plazan.
(Argazkiak: Artzape, Getariako Udala eta Onintza Lete Arrieta)