Zazpigarren eta bosgarren postuak Getariarentzat

Intza Trula 2025ko uzt. 27a, 17:45

Getariako mutilak Getxoko estropadan. (Aitor Arrizabalaga)

Getxon jokatu zuten atzo estropada, eta zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Getariako ontziak. Castron jokatu dute gaurko proba, eta bosgarren postuan amaitu du sailkapenean.

Getariako ontziak zazpigarren eta bosgarren postuekin konformatu behar izan du asteburuan jokatutako bi estropadetan. Hala, Eusko Label ligan seigarren postuan daude egun Getariako mutilak, erdian, 54 punturekin.

Hain zuzen, Getxon izan zuten asteburuko lehen hitzordua, atzo arratsaldean. Bigarren txandan lehiatu zen Getaria, Bermeo, Ares eta Lekeitiarra traineruekin batera. Bermeo izan zen lau taldeetan hoberena, 20:07,68ko denborarekin, eta 28 segundoko aldea atera zion txandako bigarrenari, Getariari.

Hala eta guztiz ere, ohorezko txandan lehiatu zen Orio Orialkirentzat izan zen atzoko bandera, denboraldiko bosgarrena. Nagusitasunez irabazi zuen gainera Orioko ontziak; izan ere, 19:43,18ko denboran amaitu zuen estropada, eta bigarren sailkatu zen Zierbenari hamalau segundoko aldea atera zion. Getariak, bere aldetik, zazpigarren postuan amaitu zuen atzo.

Gaur Castron

Gaur eguerdian, berriz, Castron jokatu dute Eusko Label ligako jardunaldia, eta Getariako ontzia zertxobait hobeto ibili da. Bigarren txandan atera dira mutilak, eta multzo berean uretaratu dira Hondarribia, San Juan eta Lekeitiarra.

San Juan nagusitu da txanda horretan, 20:52,38ko denborarekin, eta bi segundo geroago heldu da Hondarribia, Getariarekin batera. Lehia estua izan dute estropada osoan zehar, eta ia-ia elkarrekin zeharkatu dute helmuga. Beraz, txandako bigarren egin du Hondarribiak, hirugarren Getariak eta laugarren Lekeitiarrak.

Ordea, gaur ere horientzat izan da bandera. Donostiarrari gailendu zaio Orio Orialki, eta aurkariak baino hiru segundo lehenago amaitu ditu lanak, 20:43,02ko denboran. Hirugarren, berriz, San Juan izan da, bederatzi segundora. Hondarribiarentzat izan da sailkapeneko laugarren postua, eta bosgarren amaitu du Getariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide