Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Baionako epaitegiko horman Justizia Euskararentzat idazteagatik epaitu zituzten joan den ostiralean, apirilaren 11n, Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideak auzitegi horretan bertan.
Torreri 1.000 euroko eta Gurrutxagari 500 euroko isunak jarri dizkiete; bigarren hori, gibelapenarekin, hau da, soilik berriz halako delitu bat egiten badu ordaindu beharko du isuna. Torrek aurretik beste bi isun ditu desobedientzia ekintzengatik, eta uko egin izan dio horiek ordaintzeari. Oraingo hau ere ez duela ordainduko esan zuen ostiralean bertan.
Dena den, epaiketek hainbat gastu eragiten dituzte, eta EHEk horiei aurre egiteko elkartasun kanpaina abiatu du. Gastu horiei erantzuteko ez ezik, euskararen aldeko lanean jarraitzeko ere erabiliko du jasotako dirua.
Diru ekarpenak transferentzia bidez egin daitezke honako kontu korronte zenbakian: ES96 2095 5035 05 1074397554 (Euskaltzale Euskaldunon Elkartea).