500 eta 1.000 euroko isunak ordaintzera kondenatu ditu Baionako Auzitegiak Intza Gurrutxaga eta Gorka Torre Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduko kideak, abenduaren 3an burutu zuten desobedientzia ekintza batengatik. Baionako Auzitegiaren teilatura igo ziren, eta hango horman Justizia euskararentzat mezua idatzi zuten. Epaiketa atzo izan zen Baionako Auzitegian, eta Gurrutxaga getariarrak 500 euro ordaindu beharko ditu; Torrek, berriz, 1.000 euro.
Epaiketa atzo hasi eta amaitu zen, eta EHEko kideek ez zuten deklaratu, euskaraz hitz egitea eskatu baitzuten. Eztabaida luzea izan zuten epaileekin, eta azkenean, Poliziak kanporatu egin zituen bi kideak. Haiei babesa ematera joan zirenen oihu artean kanporatu zituzten.
Epaiketaren aurretik, elkarretaratzea deitua zuen EHEk epaitegi aurrean, eta dozenaka lagun bildu zen Justizia euskararentzat, justizia euskaldunontzat lelopean. Apirilaren 6an manifestazioa izan zen Baionako kaleetan zehar, eta Getariako Udalbatzak Gurrutxaga herrikideari babesa erakutsia zion. Atzo bertan Baionan izan ziren Getariako udal ordezkariak, Haritz Alberdi alkatea buru zela.
Herritarrei deia
Epaiketa amaitu berritan, Euskal Herrian Euskarazek mezu argia helarazi zien euskal herritarrei, elkar hartuta beren hizkuntza defenda dezaten: "Euskaldunon aurkako zapalkuntzari jarrera intsumisoz eta desobedienteaz erantzuteko deia egiten dugu. Kolektiboki antolatuz, batu ditzagun indarrak, eta eraiki dezagun desio dugun Euskararen Errepublika!".
Jakinadazi zuten, bestetik, gaur abiatuko dutela bi militanteen isunei aurre egiteko elkartasun kanpaina.