Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) Intza Gurrutxaga getariarra eta Gorka Torre epaituko dituzte apirilaren 11n, Baionako Auzitegian, joan zen abenduaren 3an gauzatu zuten desobedientzia ekintza batengatik. Horiek Baionako Auzitegiaren teilatura igo ziren, eta Justizia euskararentzat mezua idatzi zuten paretan. Horregatik epaituko dituzte biak.
Epaiketaren atarian, apirilaren 6an, EHEk manifestazio nazionala egingo du Baionan, Justizia euskararentzat lelopean, eta atzo, Getariako Udalbatzak bi kideei babesa erakusteko mozio bat onartu zuen. Mozioa Getariako Euskal Herrian Euskaraz taldeak, Artzape Euskara Elkarteak eta Artzape Euskaltzaleon Plazak aurkeztu zuten, eta EH Bilduren aldeko sei boto jaso zituen. EAJko bost zinegotziek, berriz, kontrako botoa eman zuten.
Onartutako mozioaren arabera, Udalbatzak bere "babesa eta elkartasuna" adierazten dizkie "Gorka Torreri eta, bereziki, Intza Gurrutxaga herrikideari. Izan ere, euskararentzat eta euskaldunontzat justizia eskatzeagatik eta bizi dugun errealitatea agerian jartzeagatik epaituko dituzte", jaso dute idatzian.
Horrez gain, herritarrak deitzen ditu EHEko bi kideen aurkako epaiketaren harira antolatuko diren ekimenetan parte hartzera, "hala nola EHEk, Justizia euskararentzat lelopean, epaiketaren aurreko igandean (apirilaren 6an) Baionan antolatu duen manifestazio nazionalean".
Mozioan gogoratu dute euskara hizkuntza gutxitua dela, eta horren ondorioak "egunero" jasaten dituztela Euskal Herri osoko euskaldunek, bai euskara ofiziala ez den lurraldeetan, bai hura ofiziala denetan ere: "Euskararen errealitatea desberdina da lurraldez lurralde. Lurralde batzuetan, euskarak ez du ofizialtasunik, horrek dituen ondorio guztiekin (ukazioa erakunde publikoetan, euskaraz ikasteko zailtasunak…); beste lurralde batzuetan, berriz, euskara ofiziala izan arren, etengabea da gure hizkuntza-eskubideetan aurkako erasoa, eta ez dugu bermatuta, inondik inora, euskaraz bizi ahal izatea".
Azken hilabeteetako "erasoei" ere egin diote erreferentzia mozioan, eta hor kokatu dute bi kideek egindako desobedientzia ekintza: "Azken boladan, gainera, euskararen eta euskaldunon aurkako eraso bat baino gehiago ari gara jasaten, administrazioko lanpostu publikoen deialdietan hizkuntza-eskakizunak atzera botatzeko epaiak, esate baterako. Oldarraldi-egoera horren barruan, Euskal Herrian Euskaraz-ek desobedientzia ekintza bat egin zuen abenduaren 3an (...)".