Intza Gurrutxaga EHEko kidea epaituko dute Baionan, desobedientzia ekintza bat egiteagatik

Julene Frantzesena 2025ko ots. 8a, 09:55

EHEko kideek Baionako Auzitegian egin zuten desobedientzia ekintzako irudia. (EHE)

Joan zen abenduaren 3an Baionako Auzitegian egindako desobedientzia ekintza tarteko epaituko dute getariarra, Gorka Torrerekin batera. Apirilaren 11n izango dute epaiketa, Baionan, desobedientzia ekintza egin zuten epaitegian. Epaiketaren atarian, apirilaren 6an, EHEk manifestazio nazionala egingo du Baionan.

Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) bi kide epaituko dituzte apirilaren 11n, Baionako Auzitegian, joan zen abenduaren 3an gauzatu zuten desobedientzia ekintza batengatik. Intza Gurrutxaga getariarra eta Gorka Torre dira auziperatutako bi lagunak. Horiek Baionako Auzitegiaren teilatura igo zien abenduan, eta Justizia euskararentzat mezua idatzi zuten paretan. Horregatik epaituko dituzte biak.

Epaiketaren atarian, apirilaren 6an, EHEk manifestazio nazionala egingo du Baionan, Justizia euskararentzat lelopean. Azken urteetan indartzen ari den euskaldunen kontrako oldarraldiarekin lotu du EHEk epaiketa. "Forma eta itxura desberdinez jantzita etorri arren, euskaldunon aurkako oldarraldiak finean helburu nagusi bat du: euskararen biziberritze prozesua oztopatzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideetan atzerakada eragitea". Oldarraldia, baina, politikoa, mediatikoa eta sindikala ere badela baieztatu dute, eta adierazi dute erasoaldiaren erantzuleek "lotsarik eta ahobizarrik gabe" jarduten dutela diskurtso euskarafoboak sortzen eta haizatzen.

Euskararentzat justizia eskatuta, euskaldunentzat ere eskatzen dutela justizia gaineratu dute. EHEko kideen hitzetan, euskaldunek gorpuzten baitute euskara, eta ondorioz, euskaldunak dira erasoaldiak pairatzen dituzten subjetuak, "subjektu zapalduak". Zapalkuntza horrek euskaldunen eskubideak eta askatasuna "murrizten" dituela gaineratu dute, eta horrek "gizarte bidegabeago baterako oinarriak elikatzen" dituela.

EHEko ordezkarien aburuz, eremu anitzetan ikusten da justizia eza; Ipar Euskal Herrian, esaterako, euskarak ez du legezko ofizialtasunik eta erakunde publikoetan ukatu egiten dute. Dena den, euskara ofiziala den lurraldeetan ere "muga ugari" direla salatu dute, eta era berean, euskarak hezkuntzan dituen mugak aipatuta, sistema judizialean euskaraz aritzeko eskubidea ez dagoela bermatuta ohartarazi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide