1.000 pertsonatik gora elkartu dira Baionako mobilizazio nazionalean Gurrutxaga eta Torreri babesa erakusteko

Mireia Galarza Bastida 2025ko api. 6a, 18:06

'Justizia euskararentzat' lelopean egin dute mobilizazioa; Gurrutxaga, ezkerretik hasita hirugarrena. (Sareantifaxista.blogspot.com)

Hilaren 11n epaituko dituzte Intza Gurrutxaga getariarra eta Gorka Torre Baionako Auzitegian egin zuten desobedientzia ekintzagatik. Getariatik ere irten da autobus bat bertara. 

Abenduaren 3an Baionako Auzitegian egin zuten desobedientzia ekintzagatik epaituko dituzte hilaren 11n Intza Gurrutxaga getarriarra eta Gorka Torre Euskal Herrian Euskaraz taldeko kideak. Horiei babesa adierazi eta "euskararen zapalkuntzari aurre egiteko" 1.500 pertsona inguru elkartu dira gaur Baionan egin duten mobilizazioan. Getariatik ere irten da autobus bat bertara.

Justizia euskararentzat eta Independentzia oihuen artean, euskarak lege propioa behar duela aldarrikatu dute, "Frantziako eta Espainiako konstituzio linguiziden gainetik". Gurrutxagak ere hitz egin du manifestazio hasieran, eta garbi utzi nahi izan du ekintza hori burutu zutela, besteak beste, "bi konstituzio arrotzen pean" euskaldunek bizi duten "zapalkuntza eta injustizia salatzeko, epaitegietatik datorren oldarraldiari ekintza zuzenez erantzuteko eta euskararen biziraupenerako ezinbestekoa den Euskararen Errepublika aldarrikatzeko". 

Torrek, bere aldetik, euskarak jasaten dituen debekuei buruz hitz egin du, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari egin dio erreferentzia: "Euskararen aldeko adierazpen ederrak egitea ongi da, baina bereziki ekintza ausartak eta eraginkorrak behar ditugu". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide