Kolore zuriak jaso du boto gehien Getariako armarri berria aukeratzeko iritzi bilketan

Onintza Lete Arrieta 2025ko ots. 10a, 10:35

Atzo, iritzi bilketa amaitu ondoren, herritarrek emandako botoak zenbatzen. (Getariako Udala)

Getariarrek ostiral arratsaldetik igandera izan dute udalerriko armarri berriaren kolorea bozkatzeko aukera, eta udalak jakinarazi du 459 iritzi jaso direla guztira, eta horietatik 350ek hondo zuriaren alde egin dutela. Udaleko Batzordean irizpena ematea izango da hurrengo urratsa, eta, gero, Udalbatzak hartuko du armarriaren etorkizunari buruzko erabakia.

2023an Euskaltzaindiak Getarian egin zuen ekitaldi baten ondorioz hasi zen Getariako Udala herriko armarria gainbegiratzen, eta iaz, Rosa Aierbe adituak egin zuen txostena udalarentzat, orain arteko armarriazk zituen gabeziak azalduz eta berri bat proposatuz. Prozesuaren inguruan informazio saioa eskaini zuen udalak, eta armarri berriaren hiru aldaera jarri zituen mahai gainean –armarriaren hondoko kolorea da aldatzen dena–, herritarrek beren iritzia emateko. Ostiral arratsaldetik igandera izan dute getariarrek gustukoena zein duten esateko aukera, eta udalak jakinarazi du 459 iritzi jaso dituela. Horietatik nabarmen gailendu da hondo zuria duen aukera, 350 boto jasota.

Hondo zuria duen aukerak lortu du boto gehien asteburuan egindako iritzi bilketan.

Iritziak jaso ondoren, Getariako Udalak ohar bidez esan du "orain arte egindako ibilbidearen inguruko balorazio positiboa" egiten duela: "Herritarrok orain dela hilabete batzuk baino informazio gehiago eta ezagutza zabalagoa dugu gaur Getariako armarriaz. Egindako ekimenei esker, jakintza sustatu da, eta orain badakigu zein izan diren gure herriko armarriaren azken bi mendeetako nondik norakoak".

Udalak azaldu du, "orain, lehen ez bezala, Getariako armarri berriak profesional baten berme guztiak" izango dituela, eta balioan jarri du "prozesuari ekarpena egiteko" herriko hainbat belaunaldik azken egunetan izan duten aukera. "Horri esker, jakintza kolektiboa eta komunitatea izan dira prozesu honen protagonistak".

Hurrengo pausoei dagokienez, udalak jakinarazi du Udaleko Batzordean irizpena ematea izango dela hurrengo urratsa, eta, gero, Udalbatzak hartuko duela armarriaren etorkizunari buruzko erabakia.

Bestalde, EAJk arbuiatu egin du Getariako Udalean agintean den EH Bilduk armarria aldatzeko hartutako erabakia, baita aldaketa gauzatzeko egin duen prozesua ere

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide