Getariak armarri berria EH Bilduren "inposaketagatik" izango duela salatu du EAJk

Julene Frantzesena 2025ko ots. 8a, 15:28

Getaria.

Herritarrak egunotan ari dira armarri berriaren aldaera zer-nolakoa izango den hautatzen; izan ere, udalak parte hartze prozesu bat jarri du martxan horretarako. EAJk arbuiatu egin du Getariako Udalean agintean den EH Bilduk armarria aldatzeko hartutako erabakia, baita aldaketa gauzatzeko egin duen prozesua ere. Jeltzaleen ustez, "inposaketa" da aldaketa, eta beren ikuspuntutik, prozesuak ez du baliorik.

Getariako herritarrak armarri berriaren aldaera hautatzeko prozesuan dira asteburuan. Hain zuzen ere, Eneritz Tiradosek egindako diseinua izango du herriaren irudi berriak, baina herritarrek erabaki behar dute zein aldaera duten gustukoen. Batez ere, kolore konbinazioa da 6 urtetik gorako herritarrek bihar bitartean hauta dezaketena.

EAJk arbuiatu egin du Getariako Udalean agintean den EH Bilduk armarria aldatzeko hartutako erabakia, baita aldaketa gauzatzeko egin duen prozesua ere. Izan ere, jeltzaleen ustez prozesua ez da izan inklusiboa, "ez du aniztasun printzipioa errespetatu". Izan ere, EAJk azaldu duenez, prozesuak ez du oposizioaren babesik izan, eta "berme juridikorik gabeko" partaidetza prozesua antolatu dute. "6 urtetik gorakoek botoa eman ahal izateak prozesua serioa eta legitimoa ez dela dioen kritika indartu egiten du; izan ere, adin horretan, ezin da irizpiderik izan, ezta bozkatzen ari denari buruzko ezagutzarik ere".

EAJk, halaber, EH Bilduren "inposizioa" gaitzetsi du, eta esan du, jeltzaleen ikuspuntutik prozesuak ez duela baliorik eta prozesua ez dela demokratikoa: "Are gehiago, antzerki eta fartsa bat da, nahiz eta parte hartzearen itxura izan. Beraz, EAJ ez da partaide izango". Armarriari bezalako ikur identitario bati buruzko liskarrak tokiko politikaren polarizazioa areagotu egiten duela ere esan du alderdiak, eta jakinarazi du biztanleriaren zati handi bat prozesutik kanpo sentitzen dela, ez delako aukerarik eman egungo armarria izaten jarraitzeko. Hala diote jeltzaleek: "Horrek ondorioak ditu armarri-aldaketaren zilegitasunean".

Horregatik, armarria aldatzeko hartutako erabakia berriz aztertzeko eskatu dio EAJk EH Bilduri, eta hala egin ezean, "egungo armarria mantentzearen alde egiteko", herritarrei prozesuan ez parte hartzeko deia egin diete jeltzaleek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide